Otsailean ireki zuen Artziniegako Udalak epea Barcena inguruan atondu nahi duen kirolgunerako proposamenak jasotzeko. EAJk deialdiari erantzun dio, eta hainbat proposamen egin ditu espazio horri begira.
“Ondo integratutako kirol proiektu bat” egitea proposatu dute jeltzaleek, “adin guztientzako jarduerak hartuko dituena”. Tenis pistetako bat saskibaloi-kantxa bihurtzea eskatu du Encina Castresana EAJko bozeramaileak. Internet bidezko erreserba eskaintzea ere planteatu du eledunak, eta iradoki du igerilekuaren beste aldean dagoen berdegunea maskotentzako aisialdirako eremu bihurtu daitekeela, “edo jateko eta atseden hartzeko hiri-altzariz hornitutako gune”.

Gauzak hala, planteatutako proiektua kontuan izatea eskatu dio opozisioko taldeak EH Bilduren udal gobernuari, “gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko; eta, aldi berean, udalerriko kirol eskaintza adin guztietarako zabaldu eta hobetzeko".
