Premiazko osoko bilkura eskatu dute, alkateak Sevillara egindako bidaiaren inguruko azalpenak eman ditzan

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 11a, 06:00
Artziniegako EAJko udal taldeko ordezkariak. / EAJ Artziniega

Alkateak emandako azalpenak nahikoa ez direla argudiatuta, EAJ eta PP alderdietako ordezkariek elkarrekin egin dute premiazko osoko bilkura egiteko eskaera. Joseba Vivanco Gara egunkariarentzako joan zen Errege Kopako finalaren jarraipena egitera Sevillara.

Lau eguneko epean premiazko osoko bilkura deitzeko eskaera egin dute Artziniegako EAJ eta PPren udal taldeek, alkateak Sevillara egindako bidaiaren inguruko azalpenak eman ditzan. Aurretiaz batzorde informatibo bat egitea eskatu zuten ere bi alderdiek, gai berdinari heltzeko.

Apirilaren 4an Sevillara bidaiatu zuen Joseba Vivanco Artziniegako alkateak, Gara egunkariarentzako Errege Kopako finalaren jarraipena egiteko. Egunkarirako ohikoan Athletic-en egunerokoa jarraitzen duen kazetaria finalera joan ezin zelako proposatu zioten Vivancori kolaborazioa. Kirol kazetaria da ogibidez Vivanco eta eszedentzia eskatuta dauka alkate funtzioak betetzeko.

Vivancok berak eman zuen bidaiaren berri sare sozialetan, eta, azaldu zuenez, ez  du dirurik jaso kolaborazio hori egiteagatik.

Azalpen gehiago

EAJren iritziz, alkateak Sevillara egindako bidaiak COVID-19aren ondorioz ezarritako mugikortasun mugak eta alkate bezala daukan dedikazio esklusiboa hautsi zituen. Alkatearen azalpenen zain egon ostean, iragan asteazkenean erregistratu zuten batzorde informatiboa egiteko eskaera.

Joseba Vivancok sare sozialetan emandako azalpenak nahikoa ez direlakoan udal osoko bilkura deitzeko eskatu diote EH Bilduren udal-gobernuari. "Beste behin ere, Vivanco jaunak hainbat adierazpen egin ditu komunikabideetan, faltsukeriaz eta egia erdiz beteta, eta, gainera, errespetu faltak egin dizkie gure alderdiari eta bera osatzen duten pertsona guztiei, argudiorik ez dagoenean irain egitera jotzen denean", azaldu du Encina Castresana bozeramaile jeltzaleak.

Alkatearen erantzuna

Joseba Vivancok azalpen gehiago emateko prestutasuna adierazi du: "Izan batzorde batean edota Udal Osoko Bilkura batean, prest nago oposizioko taldeei azalpenak emateko, Artziniegako auzokideekin dagoeneko egin dudan bezala". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide