100.000 biztanleko 470,96 kasu positiborekin, perimetralki itxi beharreko 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrendan sartu da Artziniega gaur. Izan ere, Osasun Sailak 400 kasuko intzidentzia metatuan du jarria neurri murriztaile berriak ezartzeko langa.
Artziniegako Udalak oharra plazaratu du neurri berrien nondik norakoak herritarrei jakinarazteko. Ezingo da Artziniegatik irten edo bertara sartu justifikatutako arrazoirik gabe. "Arrazoi horiek osasun zentrora, lanera, ikastera edo adinekoak, adingabeak edota mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzera joatea dira", azaldu dute udaletik.
Aukera egongo da mugakide diren herrietan erosketak egiteko edo aire zabalean jarduera fisikoa egiteko.
Kirol instalazioetan 4 laguneko taldeetara mugatu beharko dira jarduerak, hauen barrualdean egiten badira. Eliteko kirolariak salbuetsita egongo dira.
Ostalaritza
Ostalaritza establezimenduen barrualdeko kontsumo ordutegia 6:30etatik 9:30etara eta 13:30etatik 16:30etara izango da, %50eko edukiera mugarekin. Gainerako orduetan terrazan kontsumitu beharko dute bezeroek, 20:00ak arte.
Aiara, Urduña, Amurrio eta Laudio ere perimetralki itxita daude, COVID-19 kasuen kopuruak direla eta.