Artziniegako Udalak isuna jarriko dio igerilekuak berritu dituen enpresari, ia urtebete atzeratu delako

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 6a, 16:45
Artziniegako igerilekuak. / Aiaraldea.eus

Artziniegako Udalbatzan landu dute gaur gaia eta EH Bilduk iragarri du isuna jarriko diotela igerilekuetan obrak egin dituen enpresari, sekulako atzerapena gertatu baita lanetan.

Udal Osoko Bilkura egin dute gaur Artziniegan. Joseba Vivanco ordezkatu du Unai Gotxi zinegotziak, alkatea COVID-19 birusagatik positibo eman baitu. Gai zerrendan hainbat puntu landu dira eta, besteak beste, udal igerilekuen egoera jorratu da.

EAJk galdetuta, Gotxik azaldu du kirol eta aisialdi azpiegituretan lanak egin dituen enpresa gaur probak egiten ari zela, ziurtatzeko funtzionamendua egokia dela. Horren harira, zinegotziak argitu du berme guztiak izan arte, udalak ez duela onartuko obraren amaiera.

Are gehiago, udal gobernu taldeak aurreratu du isuna jarriko diola Galitec enpresari, ia urtebete beranduago amaitu baititu lanak: "Gauza txikiak dira, baina duela gutxi arte ez dituzte bukatu. Horri gehitu behar zaio iazko denboraldian ez zirela igerilekuak ireki. Egia da pandemiaren ondorioz, horniketa arazoak izan zituela enpresak, baina gehiegi luzatu da dena".

Berez, igerilekuen irekiera behin baino gehiagotan landu zen iaz udalbatzan, eta orduan udalak baztertu zuen zigorraren bidea hartzea. Berez, bitarteko nahikorik ez zituela bideratu pentsatu arren, isuna garrantzirik gabekoa izango zelakoan ez zuten erabaki hori hartu. "Urtebeteren ostean, ordea, kalte-ordaina handiagoa izango da", azaldu du Gotxik.

Kutxabank: 4.000 euroko interesak

Ekonomia eta enpresei lotutako beste gai bat agertu da gaur eztabaidan. Izan ere, aurten Kutxabankek 4.000 euro kobratu dizkio Artziniegako Udalari interesak eta kargak direla medio.

Joseba Elejalde PPko zinegotziak hori "lapurreta" dela adierazi du eta EH Bilduko ordezkariek ere onartu dute dirutza dela eta bestelako bideak jorratu behar direla, gastu hori ekiditeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide