Alkateak Athleticeko finalera eginiko bidaia eztabaidagai Artziniegako Udal Osoko Bilkuran

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 27a, 13:20
Gaurko udalbatzaren irudia. / Aiaraldea.eus

EAJk eta PPk eskatu zuten udalbatzan lantzea alkatearen bidaia Sevillara eta gaur mintzatu dira horri buruz.

Aste Santuaren ostean polemika piztu zen Artziniegan Joseba Vivanco Sevillara joan zelako Athletic Club eta Real Sociedad kluben Errege Kopako finalaren jarraipena egitera Gara egunkariarentzat.

Apirilaren 20an landu behar zen hori, baina alkatea isolamenduan zegoen COVID-19aren ondorioz. Gauzak horrela, gaurko ez-ohiko udalbatzan jorratu da gaia.

EAJren galderak

EAJk, hasteko, leporatu dio udal ordezkariari jeltzaleak iraintzea sare sozialetan. Zinegotzi jeltzaleek nabarmendu dute euren lana dela udal gobernu taldearen jardueraren kontrola egitea eta defendatu dute eurek ez zutela polemika sortu, sare sozialetan zegoelako.

Horrez gain, galdetu diote alkateari ea kobratu ote zuen finalaren harira idatzitako artikuluen truke.

Alkatearen erantzuna

Joseba Vivancok lehen galdera baliatu du azalpen guztiak emateko eta argudiatu du, lehenik eta behin, udal araudia jarraitu duela puntuz puntu. Izan ere, doako lana izan zen egindakoa eta ez zien bere ardurei eragin, Aste Santuko egun libreetan egin baitzuen, hau da, bere denbora librean. Hortaz, udalbatzaren oniritzirik ez zuen behar, tokiko erakundearen araudia jarraiki: "Alkate izateko 4 urteko eszedentzia hartu nuen Garan. Egunkarian Athleticeko eguneko informazioen jarraipena egiten nuen eta nire ordez hori egiten zuenak ez zuenez aukerarik Sevillara joateko, niri proposatu zidaten hori hartzea nire gain, doan, kolaborazio moduan".

Alkateak azaldu du ez zuela kobratu artikuluak idazteagatik eta itxiera perimetrala ez zuela urratu, Garako agiria baitzuen horretarako

Gainera, alkateak azpimarratu du ez zuela itxiera perimetrala urratu, Garak agiria eman baitzion Sevillara joateko.

Jeltzaleen zalantzak

EAJko zinegotziek, ordea, zalantzan jarri dute alkatearen bertsioa. Euren aburuz “bidaia eta egonaldia ordainduta egotea bada kobratzeko modua”.

Halaber, aipatu dute horiek ez direla Vivancok egindako artikulu bakarrak, Diego Armando Maradonari buruzko bat ere argitaratu baitzuen.

Hori ez ezik, galdetu diote ere alkateari Garak Gizarte Segurantzan altan eman zion eta ez ote zen hori egin behar.

Jeltzaleen aburuz, nahiz eta soldata ez jaso, bidaia eta egonaldia Sevillan ordainduta egotea bada modua kobratzeko

Azalpen gehiago

Joseba Vivancok berriro hartu du hitza eta argitu du behin idatzi zuela Gararentzat artikulu bat Maradonari buruz: “Kirol kazetaria naizen neurrian, historikoa izan zen jokalariaren heriotza eta eskatu zidatenez doan artikulua idazteko, poz-pozik idatzi nuen. Pelé hilko balitz -espero dut ez gertatzea-, gauza bera egingo nuke”.

Bide batez, alkateak adierazi du Garak ez ziola Gizarte Segurantzan altarik eman eta ez duela uste bere kolaboratzaileekin hori egiten duenik.

“Jeltzaleen kanpaina”

Gero Joseba Elejalde zinegotziak eskatu du hitza esateko ontzat ematen dituela Vivancoren azalpenak, eta gaineratu du hori batzorde batean lantzea nahikoa zela.

EAJk gauza bera iritzi izan du, baina alkateak gogoratu die batzordea eskatu eta bi egun ostean proposatu zutela udalbatza, hau da, ez zela denborarik egon horretarako.

Joseba Vivancok leporatu dio EAJri kanpaina egitea bidaiaren harira, baita udaleko barne dokumentu ofizialak publiko egitea horretarako

Azkenik, Joseba Vivancok leporatu die jeltzaileei eurek sortzea polemika osoa: “EAJri lotutako txiolariek -Iñaki Anasagasti, besteak beste- nire kontrako gezurrak esan dituzte kanpaina hau sortzeko eta txio batean Artziniegako Udaleko barne agiria argitaratu zuten, nire opor egunekin. Dokumentu hori udaleko alderdien bozeramaileek jasotzen dute bakarrik eta publiko egitea araudiaren kontrakoa da. Guk ez dugu zabaldu eta udal idazkariak ezta ere. Horregatik galdetzen dizuet, zuek ez bazarete izan, nor izan da?”.

Galderari erantzunda, PPko bozeramaileak ukatu du inolako harremanik izatea horrekin eta gauza bera egin du Encina Castresanak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide