Lucart enpresan egon dira Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia, linea berriaren inaugurazioan

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 21a, 13:56
Gaur goizean egon dira Iñigo Urkullu eta Arantza Tapia Artziniegako lantegian. / Irekia

Artziniegako papertegiak 4 milioi euro inbertitu ditu ekoizpen linea berrian. Tubacexi buruz mintzatu da Arantxa Tapia Ekonomia Sailburua.

Artziniegako Lucart papertegian egon dira Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia. Ekoizpen linea berriaren inaugurazioa dela eta bertaratu dira Eusko Jaurlaritzako bi ordezkariak lantegira. 

Lehendakariak positiboki baloratu du enpresaren ekimena, “eskualdearen gaitasun industrialaren, nazioartekotzearen eta enpleguaren aldeko apustua” dela iritzita. “Gaur egun 224 langilek egiten dute lan papertegian. Enplegua sortu eta papertegi zaharra berpiztea lortu da, etorkizunerako proiektu batekin”. Era berean, Eusko Jaurlaritzako buruak nabarmendu du Lucarteko zuzendaritzak 20 milioi euro baino gehiago inbertitu dituela fabrikako azpiegituretan”. 

Enpresaren jarduna goraipatu du Urkulluk, “ekoizpen jasangarri eta arduratsuaren adibidea” dela iritzita. “Enpresak ekonomia zirkularrean inspiratutako ekoizpen ereduak baliatzen ditu, pertsonak babestu eta planetaren etorkizunera begira ekarpena egiteko. Konpromiso horri ezker, azken 8 urteetan atmosferara 170.000 tona CO2 isurtzea ekidin du enpresak”. 

Tubacex hizpide

Eskualdeko enpresa taldea ere izan da protagonista, nola ez, eta Arantxa Tapia Ekonomia Sailburuak adierazi du atzoko erabakiarekin espero duela lan gatazka bukatzea. Ordezkariak erantsi du lan karga dagoela enpresan eta ekoizpena berriro abian jartzea dela bere itxaropena.

Horrez gain, azaldu du ez dela Eusko Jaurlaritzaren lana bitartekari lanak egitea eta Tubacexeko zuzendaritzaren eta sindikatuen artean konpondu behar dutela afera.

Ekoizpen linea berrian, 4 milioi euroko inbertsioa

Inauguratu berri den ekoizpen linea erabat automatikoa da, eta eskuetako toalla sikuak egitera bideratuta dago. 4 milioi euro inbertitu ditu enpresak makina horren erosketan. 

Enpresaren kudeatzailea den Massino Pasquinik ere hartu du hitza bisitan, eta EAEko lantegietan inbertitzen jarraituko dutela ziurtatu du, hemengo fabriken kokapena “estrategikoa” delako, “iberiar penintsulako, Frantziako eta Ingalaterrako merkatuekin konexio hona ahalbidetzen duelako”. 

Lucartek 2018. urtean erosi zuen Artziniegako papertegia. Beste bi azpiegitura ditu EAEn: Arangurengo fabrika eta Gueñeseko biltegia. Baliabide horiekin, urtero 50.000 tona paper ekoizten ditu EAEn. 

Multinazional italiarra da Lucart. 7 enpresek osatzen dute taldea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide