Artziniegako EAJk prentsa oharra zabaldu du babesteko Urbidera batzeko udalak hartutako erabakia. Horren bidez, erakunde arabarrak uraren kudeaketaren ardura hartuko du udalerrian, Kantauriko Urkidetzaren desagerpenaren ostean.
Udal gobernu taldeak hausnarketa prozesua burutu du urrats hori egin baino lehen, eta jeltzaleek gogor kritikatu dute tarte hori hartu izana. Izan ere, oposizioko talde nagusiaren aburuz, ez zegoen zer pentsatu, ura kudeatzeko bide bakarra Urbiden sartzea zen eta. Ildo horretatik, EH Bilduri leporatu diote arduragabekeria eta gaitasun faltarekin aritzea, besteak beste.
EAJk azaldu du Urbide izan behar dela tresna etorkizunean ur zerbitzua ez garestitzeko, Europako ur zuzentarauak kontsumitzaileak behartuko baititu zerbitzuaren gastu guztiak ordaintzera, faktura bidez.