Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoaren disoluziotik urtebete igaro ostean, Artziniegako Udalak Urbide Arabako partzuergoan integratzea erabaki du.
2020ko abenduan gauzatu zen Aiaraldeko Ur Partzuergoaren desegitea. Prozesuaren bat-batekotasunak eta partzuergo berriarekiko zalantzek mesfidantza sortu zuten hainbat udal, administrazio batzar eta alderdi politikoren artean. Egoera horretan aurkitzen zen Artziniegako Udala, eta sei hilabeteko epea eskatu zuen beste aukera posibleak aztertzeko, hala nola uraren ziklo integrala tokikotasunetik kudeatzeko aukera.
Tarifa itogarriak
Iragan astelehenean -azaroak 15- bilera irekia antolatu zuen Artziniegako Udal Gobernuak, hilabete luzeen ostean hartutako erabakia herritarrekin elkarbanatu eta hauen kezkak jasotzeko. Udal Gobernuak Urbidera batzeko proposamena aurkeztu zuen bertan.
Partzuergotik kanpo egoteagatik Urbidek hirukoiztu egiten du hornitutako uraren prezioa
Proposamena, ordea, Urbidek azaro hasieran onartutako tarifek baldintzatu dute nagusiki, Joseba Vivanco alkateak eta Arkaitz San Jose zinegotziak azaldutakoaren arabera. Izan ere, partzuergotik kanpo egoteagatik Urbidek hirukoiztu egiten du hornitutako uraren prezioa. "Kantauriko Urkidetzaren barruan hilean 7.000 eta 9.000 euro artean ordaintzen genituen urtegiko uraren horniduragaitik, orain 21.000 euro ordaintzera iritsiko ginateke, baldin eta Urbide barruan ez bagaude, eta horrek eragin zuzena izango luke herritarren fakturan" adierazi du alkateak. "Erabat bidegabea da, ura bezalako oinarrizko zerbitzu batengatik horrelako prezioak ezartzea" erantsi du San Josek.
Deseginda egon arren, CAKUk (Kantauriko Urkidetzak) kudeatzen du oraindik uraren hornidura Artziniegan, behin betiko trantsizioa gauzatu arte. Datu zehatzetara ekarrita; 2020 eta 2021ean Kantauriko Urkidetzak 0,391 euro kobratu dizkio Artziniegako Udalari hornitutako ur metro kubiko bakoitzeko, 102.000 euro urtean guztira. Horrek 103 euroko itzulpena zuen udalerriko bizilagunen seihileko ur fakturan, bataz bestez.
Gaur egungo egoera mantenduz gero, hots, Artziniegak Urbidetik kanpo jarraituko balu, Arabako Foru Aldunditik sustatutako partzuergoak 0,944 eurotan kobratuko luke ur metro kubiko bakoitza, urteko gastua 247.000 eurora igoz. 145.000 euroko igoerak, halabeharrez, herritarren fakturan ere igoera nabarmena ekarriko luke.
Uraren zikloa Artziniegan
Artziniegak ez du ura biltzeko sistema propiorik. Udalerriaren parean dagoen Burgoseko Angostinako urtegitik jasotzen du ura, horrela egin du 1999tik.
Herrirainoko hornidura Kantauriko Urkidetzaren esku zegoen lehen, eta Urbideren eskumena da orain. Partzuergoak Artziniegako ur-biltegiraino bideratzen ditu urak, lehen mailako sarea deritzo horri. Zerbitzu hori da, hain zuzen ere, Urbidek hiru bider garestitu duena.
Udala arduratzen zen orain arte herriko sarean suertatu zitezkeen matxurak konpontzeaz, herritarren beharrak artatzeaz edota fakturak kudeatzeaz
Bigarren mailako sarea, hots, etxez etxeko banaketa, saneamendu eta estolderia, Artziniegako Udalaren esku egon da orain arte, Kantauriko Urkidetzaren barruan zegoen bitartean.
Udala arduratzen zen herriko sarean suertatu zitezkeen matxurak konpontzeaz, herritarren beharrak artatzeaz edota fakturak kudeatzeaz. Urbideren integrazioa termino berdinetan egitea planteatu zuen Udal Gobernuak, hau da, Urbideri uraren kaptazio eta adukzioa lagatzea, bigarren mailako sarearen ardura herrian utzita.
Artziniegan orain arte baliatu den formula hori, ordea, zigortu egiten dute Urbidek onartutako tasa berriek, eta udalak bikoitza ordaindu beharko luke ur hornidura zerbitzuagatik, 18.000 euro bataz beste. "Aukera bakarra uzten digute: zerbitzuen %100 partzuergoaren eskuetan utziz Urbiden integratzea" adierazi zuen Arkaitz San Josek udalbatza aretoan egindako bileran.
Aukera horrek, ordea, ur fakturan inolako igoerarik ez egotea eragiten badu ere, eskumenez husten du tokiko administrazioa, eta herritarren gertutasunarekin hautsi, Joseba Vivancok adierazi zuenaren arabera: "Aurrerantzean herritarrek ur-hargune bat behar izatekotan, edota edozein matxuraren berri eman nahi badute, Laudio eta Amurrioko bulego batera deitu beharko dute, Artziniegako Udalera beharrean".
Gasteizko ur kudeaketa kanpoan
Gauzak hala, ekonomiak derrigortuta integratuko da Artziniegako Udala Urbiden, CAKUren disoluziotik urtebetera. Erabakia Udal Osoko Bilkura batean berretsi behar bada ere, beste biderik ez du aurkitu Udal Gobernuak ur horniduraren garestitzea ekiditeko.
Gasteizko eta inguruko herrietako urak kudeatzen dituen AMVISAk uko egin dio Urbide partzuergora batzeari
Urte gutxiren buruan eraikitzen hasiko diren araztegien kudeaketara dago bideratua nagusiki Arabako Foru Aldundiak sustatutako Urbide partzuergoa.
Pieza garrantzitsua du faltan, ordea. Izan ere, Gasteizko eta inguruko herrietako urak kudeatzen dituen AMVISAk uko egin dio partzuergora batzeari. "AMVISA kanpo geratzeak guztiz hanka motz uzten du Urbide bera, eta hau sostengatzeko modu bakarra Foru Aldundiak dirua injektatzea da. Izan ere, Gasteiztik kanpo arabar gutxi bizi gara, eta oso sakabanatuta gainera. Horrek hornidura sare handia eta ez oso errentagarria mantendu behar izatea dakar. Orain Aldundiaren diruarekin estali daiteke zuloa, baina ikusteke dago hemendik urte gutxira geratuko den egoera zein izango den" azpimarratu zuen San Josek bileran. Izan ere, Europako Uraren Zuzendaritza Markoak ezarritako araudiaren barruan, administrazioek ezingo dute epe ertainean ur hornidura zerbitzua diruz lagundu, hau autoaskia izan beharko delako.