Datorren larunbatean (urtarrilak 8) abiatuko dute Artziniegako Hiribilduaren 750. urteurrena ospatzeko ekintza-sorta. Eskultura bat inauguratuko dute udaletxearen aurrean, 12:00etan. Handik ordubetera, aldiz, kontzertu ibiltaria egongo da Bleibet abesbatzaren eskutik. Hirigune Historikoko hainbat gunetatik mugituko dira abesbatzako kideak.
Xabier Santxotena eskultoreak osatu du larunbatean aurkeztuko duten artelana, Arteako zuhaitzaren adar bat baliatuta. Urrian erori zen adar hori, zuhaitzaren adinaren ondorioz.
Baina eskultura hori ez da izango Santxotenak urteurrenaren testuinguruan egingo duen lan bakarra. “Artista nafarrak berak burdinezko hiru eskultura utziko ditu 2022an, beste hainbeste kokagunetan jarriko direnak, eta Santxotenak berak aurkeztuko dizkigu hurrengo bisita gidatu batean”, azaldu du udalak ohar baten bidez.
Igandeko jarduerarekin hasiko da 750. urteurrenerako prestatutako “programazio zabala”. Udalak aurreratu duenez, herriko urteko zita esanguratsuenak berreskuratu nahi dituzte aurten, azken bi urteetan, pandemiagatik, bertan behera geratu direlako. Yarri Memoriala, Karpy bizikleta martxa, Alde Zaharreko eta Erretes Tudelako jaiak, Kuadrilla Eguna eta Antzinako Azoka dira jarduera horietako batzuk, tokiko erakundeak zehaztu duenez.
Berez, azaroaren 2an izango da urteurrena, Alfontso X. Jakitunak data horretan eman baitzion Herri Gutuna Artziniegari, 1272. urtean. “Hori dela eta, artziniegarrak garen aldetik, aukera ezin hobea dugu gure ilusio osoa jartzeko, gorabeheraz beteriko bi urte zail eta korapilatsu hauen ondoren, 2022a berriro elkartu eta ospatzeko urtea izan dadin”.