'Agerpen Baterako Espazioa' izeneko Xabier Santxotenaren eskultura inauguratu zuten atzo Artziniegako udaletxeko beheko solairuan. Inaugurazio ekitaldiak hasiera eman die ofizialki hiribilduaren 750. urteurreneko ospakizunei.
Ez da nolanahiko eskultura Santxotenak sortutakoa. Izan ere, Arteko Gure Ama santutegiko zuhaitzeko adar bat baliatu du obra egikaritzeko. 500 urte baino gehiago ditu zuhaitzak eta iragan urrian adar bat hautsi zitzaion. Artista nafarrak Artziniegako ikur den egur hori erabili du bere lanean.
Inaugurazio ekitaldiaren ostean, Bleibet abesbatzak Artziniegako kaleak girotu zituen.
Ospakizun urtea
Urte osoan luzatuko dira hiribilduaren 750. urteurreneko ospakizun ekintzak. Duela hainbat hilbabete hasi zuen udalak horren antolaketa, eta batzorde bat sortu zuen horretarako. Besteak beste, hitzaldiak, erakusketak edota liburu aurkezpenak programatuko dituzte, baita jarduera kultural ugari ere. Gainera, 2022ak pandemiaren eraginez bertan behera geratutako ekitaldien itzulera ekarriko du. Hori dela eta, ekitaldi hauek ere urteurren ospakizunen barruan sartuko dituzte: Yarri Memoriala, Karpy txirrindula martxa, Erdi Aroko azoka, herriko eta auzoetako jaiak...