Astelehenean onartu ziren 2022. urterako Artziniegako aurrekontuak. Udal Gobernuak gehiengo osoa baliatuta atera zituen aurrera kontuak, EAJ eta PP udal-taldeen aurkako botoarekin. Artziniegako EAJk oharra plazaratu du Joseba Vivancoren udal-taldeak "arrabola" aplikatu duela salatzeko.
EAJk hamar ekarpen aurkeztu zituen aurrekontuen eztabaidara, eta EH Bilduren gobernuak hauek errefusatzea erabaki zuen, oposizioko taldeak salatu duenez. "Egoera horrek agerian utzi du, berriz ere, alkatetza honen bakardadea eta adostasun politikorako ezintasuna. Izan ere, dagoeneko higatuta dagoen arrabola erabili behar da horretarako. Horren ondorioz, aurten kontu orokor batzuk onartu dira, inbertsio gutxi biltzen dituztenak eta, larriena dena, proiektu garrantzitsurik gabekoak", adierazi du Encina Castresana bozeramaile jeltzaleak.
Castreanak azaldutakoaren arabera, eztabaidara aurkeztutako proposamenek gobernu-taldeak landutako ekimenak eta partidak hobetzea eta zabaltzea zuten helburu. Ostalaritza eta merkataritzari dagokionez, adibidez, jeltzaleen proposamena zen aurrekontuko partida kentzea, eta sektorea laguntzeko ekintza zehatzak jasoko zituen udal plan bat garatzea.
Gazte-jardueretarako aurrekontu-partida handitzea proposatu zuen ere Castresanaren taldeak, udalerriko kirol gunean pump-track zirkuituko pistak instalatzeko.
Inbertsio proposamenak
Bestelako inbertsioak jarri zituzten ere jeltzaleek mahai gainean aurrekontu eztabaidan:
- Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egokitzeko azterlan eta memoria ekonomiko bat egitea, Kolektorearen obra Gordexolaraino doala aprobetxatuz.
- El Palacioren aurreko aldeko irlatxoak egokitzea.
- La Encina jatetxearen aurreko espaloian eta aparkalekuan obra bat egitea.
- Geltoki Plazan haurrentzako jolas-gune estali bat sortzeko aurrekontu partida prestatzea.
- Partida bat prestatzea udalerriko kale guztiak identifikatzeko plakak jartzeko.
- Gutxienez tenis-pistetako bat padel-pista estali bihurtzea.
- Ludoteka edo "haur txoko" bat sortzea, 12 urte arteko haurren aisialdi eskaintza osatzeko.
- Udalerriko adinekoen egoerari buruzko azterketa diagnostikoa abian jartzea.
- Udalerriko pertsona migratuen egoerari buruzko azterketa diagnostikoa abian jartzea.
Proposamen guzti horiek baztertu izanaz kexu da EAJ plazaratutako oharrean, eta horregatik bozkatu zuen 2022ko kontuen aurka.
Joseba Vivanco alkateak, gaiaz galdetuta, udalerriak aurrekontu mugatua duela nabarmendu du: "Jeltzaleen proposamenak gehiago dute hauteskunde kanpainatik aurrekontuetako ekarpenetik baino".