Santiagorainoko bidea 5. aldiz egin nahi du Gines Lopez Marinek. Martxoaren 21ean hasi nahi du abentura. Lau animalia izango ditu bidelagun: bere mandoa, txakurra, katua eta oiloa.
Mandoak 15 urte ditu, eta ez da bere lehen bidaia izango. Lopez Marinek bide bera egin zuen berarekin 2015ean, 39 egunetan. 2018an ere elkarrekin osatu zuten bidea, Santurtzitik abiatuta. 2019an, aldiz, Lourdeseraino joan zen, 850 kilometro guztira.
Orain egingo duen bidaia 2020rako programatu zuen artziniegarrak, baina bertan behera utzi behar izan zuen, pandemia dela medio.
Dena aurreikusi bezala badoa, Artziniegako Arteko Gure Ama Santutegitik abiatuko dira, toki berera itzultzeko gero.
Gines Lopez Marin oso pertsona ezaguna da Artziniegan, eta ez soilik bere bidaiengatik, baita animaliekiko daukan zaletasunagatik ere. Bera arduratzen da, besteak beste, Antzinako Azokan egon ohi den animalia erakustaldia antolatzeaz.