Berezia izan da Martxoaren 8ko mobilizazioa Artziniegan. Ez dira ohiko elkarretaratzea egitera mugatu. Loreak landatzeari ekin diote iturriaren inguruan, koro feministak abestu bitartean, lorategi feminista sortzeko.
Historian zehar nabarmendu diren emakumeen izenak jarri dituzte loreekin batera. "Gure inguruan topatu ditzazkegun emakumeak ere aipatu ditugu: ama, amona, izeba, ahizpa..." azaldu dute Artziniegako Talde Feministako kideek, "borrokan galdu ditugun emakumeen, orain gaudenen zein etorriko direnen omenez sortu dugu lorategia". Nabarmendu dutenez, espazioak denboran irautea dute helburu.
Artziniegako emakumeei buruzko liburua
Datozen egunetan beste zenbait ekimen egingo dituzte udalak, talde feministak eta Hiriska emakume elkarteak elkarlanean. Martxoaren 18an Afrikako emakumeei buruzko zineforuma egongo da, 18:00etan udaletxe zaharrean. Hilaren 20an, aldiz, Artziniegako emakumeak historia egiten liburua aurkeztuko dute, 12:30ean udaletxean.
Argazkiak: Aitor Aspuru Saez