Urte bizia izango da 2022a Artziniegako Bleibet abesbatzako kideentzat. Emanaldi ibiltaria eskaini zuten hiribilduaren 750. urteurrena iragartzeko ekitaldian, eta beste hiru kontzertu prestatzen ari dira maiatzerako. Hilabete horretako azken hiru larunbatetan eskainiko dituzte saioak, 18:30ean Arteko Gure Ama santutegian. Sarrera doakoa izango da hiru kasuetan, eta gonbidatu ugari izango dituzte bidelagun.
Horrez gain, beste proiektu berezi bat prestatzen ari dira hiribilduaren urteurrena ospatzeko. Benjamin Respaldizak, herriko parrokoak, antzezlan bat idatzi du, La beata izenekoa. Bleibeteko kideak arduratuko dira obran agertzen den olerki bat abestzeaz. Azaldu dutenez, Okondoko abesbatzako zuzendaria arduratu da poemari musika jartzeaz. Obra taularatzeaz, aldiz, herriko hainbat antzezle arduratuko dira.
Parte hartzeko deia
Kide berrien bila ari da abesbatza une honetan. “Baldintza bakarra dago: musika gogoko izatea, talde aktibo baten parte izatea gustuko izatea eta gurekin entseatzeko denbora tarte bat izatea. Asko gozatzen dela ziurtatu dezakegu”, azaldu dute sare sozialetan.
Telefono zenbaki bat jarri dute interesa duen ororen eskura: 686 62 71 73. Ahots proba bat egingo zaie kide berriei, abesbatzan zer postu izan dezaketen zehazteko.