Artziniega bisitatu zuen Udalbiltzak sustatutako 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren barruan ekoiztutako lehenengo sorkuntza piezak, asteburuan. Tanttaka konpainia izan zuen herrian egingo den ikuskizun eta emanaldi zikloa estreinatzeko ardura, Sexberdinak antzezlana taularatuz.
Artziniegako parrokian eskaini zuten obra, iragan ostiralean. Antzezlanak aniztasun funtzionala eta sexualitatea ditu hizpide. Umorea ardatz, paralisia duen gazte baten bizipenak landu dituzte Tanttakako kide diren Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek. Gurpildun aulkiz josi zuten parrokiaren barrualdea, eta bertan eseri zituzten ikusleak, hauek ere piezaren barruan murgiltzeko.
Geuretik Sortuak
Iragan ikasturtean jarri zuen abian Udalbiltzak 'Geuretik Sortuak' egitasmoa. Guztira Euskal Herriko 25 udalerritan garatu dute ekimena: sortzaileek 2-3 asteko egonaldiak egin dituzte udalerri bakoitzean eta pieza artistiko bat sortu dute.
Ugaitz Agirre usurbildarra izan zen Artziniegan egonaldia egin zuen sortzailea. Agirrek herrian oinarritutako ipuin bat sortu du, eta, aurreratu dutenez, apirilean egingo dute honen aurkezpena Artziniegan bertan.