ARGAZKI ERREPORTAJEA

Artziniegako emakumeen historia, liburu

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 20a, 15:42

Artziniegako frontoian egin dute herriko emakumeei buruzko historia liburua aurkezteko ekitaldia. Inma Roiz idazle okondoarrak idatzi du argitalpena.

Artziniegako emakumeen historia aitortu eta sozializatzeko proiektua aurkeztu du Udalak. Liburu bihurtu dute Artziniegako belaunaldi eta eremu desberdinetako emakumeen ibilbide oro.

Ekitaldi jendetsua egin dute frontoian ekimena aurkezteko. Liburuko partaideek euren gogoetak partekatu dituzte Inma Roiz idazleak gidatutako solasaldian

Ekitaldi jendetsua egin dute frontoian, ekimena aurkezteko. Liburuko partaideek euren gogoetak partekatu dituzte Inma Roiz idazleak gidatutako solasaldian. Hain zuzen, Roiz izan da Artziniegako emakumeen historiari hitza jartzeaz arduratu dena. Ekintzak eta testigantzak, ordea, herritarrek zein eragile desberdinek partekatu dituzte. Horren adierazle izan da aurkezpen ekitaldia. 

Joseba Vivanco alkateak eta Aintzane Iturribarria feminismo zinegotziak herriko emakumeen historia biltzeko proiektua aurkeztu dute lehenbizi. Inma Roiz idazleak hartu du hitza segidan, eta zenbait galdera luzatu dizkie liburua istorioz josi duten emakumeei.

Esaterako, Hiriskako kideek emakume elkarteak 30 urteko ibilbidean izandako bilakaera kontatu dute, ahalduntzea euren bizitza pertsonaletan zein kolektiboan nola garatu den azalduz. Artziniegako Talde Feministako kideek, ordea, saretzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Agurtzane Llano izan zen Artziniegako lehenbiziko alkate emakumea, eta politikan lehen lerroa hartzeak suposatu zion aldaketa eta ahalduntzea aipatu ditu. Zuriñe Frutos kirolariak, bestalde, eremu horretan bizitako zapalkuntzak izan ditu hizpide. Paki Ofizialdegik eta Teresa Lafraguak, berriz, museoetan eta artean emakumeen aitortzaren beharrezkotasuna azpimarratu dute. "Artziniega Museoan emakumeari gizonari adina espazio ematen zaio, eta azalpenetan ere hori transmititzen saiatzen gara belaunaldi berriei", erantsi du Ofizialdegik. Encina Castresanak, aldiz, emakume etorriberriekin eginiko lana izan du hizpide. Ekitaldiari amaiera emateko, Artziniegako koro feministak bi abesti jo ditu:

Horrez gain, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historia eta argazki erakusketa jarri dute ikusgai goiz osoan zehar. Liburuak astelehenetik aurrera egongo dira eskura Artziniegako Udalean, eta ale bana banatuko dute doan herrian dauden etxebizitza guztietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide