Bere hirugarren eta azken asteburuan murgilduta dago Aiarako Bira. Artziniegan lehiatu dira gaur Euskal Herriko eta Espainiako Estatutik etorritako 30 taldetako kadete mailako txirrindulariak.
16:00etan abiatu dira kirolariak. Guztira 46 kilometrotako ibilbidea osatu behar izan dute, tartean Artziniegako kaleetako harrizko galtzadetatik igaroz. Hiru aldiz igo dute Garabillako gaina, zaletu eta senideen txalo eta animo oihu artean. Azkenengo biran, gainera, Mendieta eta Lepetartxe ere igo behar izan dituzte. Lehia estua izan da azken unera arte, eta esprintean ebatzi dute podiumeko sailkapena.
Bihar egingo dute Aiarako Birako XXXII. edizioko 6. eta azken etapa. Arespalditzatik abiatuko da, 11:00etan, eta etapa gogorra izango dela aurreratu dute antolatzaileek.