Kultur sorkuntza Aiaraldean

Astelehenean aurkeztuko dute Artziniegan girotutako 'Hamazazpigarren adinez' liburua

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko api. 22a, 07:00

Artziniegan egonaldia egin zuen iaz Ugaitz Agirre idazleak. / Noaua.eus

Artziniegan oinarritutako ipuina sortu du Ugaitz Agirre idazleak, Udalbiltzak sustatutako 'Geuretik sortuak' egitasmoaren barruan. Udalerrian egindako egonaldia izan da sorkuntza prozesuaren oinarria.

Datorren astelehenean -apirilak 25-, 19:00etan aurkeztuko du Ugaitz Agirrek Hamazazpigarren adinez liburua, Artziniegako Liburutegian. Udalbiltzak sustatutako 'Geuretik Sortuak' egitasmoaren barruan egonaldia egin zuen iragan urtean idazle usurbildarrak Artziniegan, eta egonaldi hori izan da, hain zuzen ere, sorkuntza prozesuaren oinarria.

2021eko maiatzean eta ekainean hainbat egun igaro zituen idazle usurbildarrak Aiaraldeko herrian, bertako bazterrak eta bizilagunak ezagutzen. Orduan bizitakoak eleberri laburrean integratu ditu Agirrek. "Artziniegako egunerokoaz bustitzen ahalegintzen ari naiz, guzti horrek isla izan dezan idatzi behar dudan istorioan" azaldu zion orduan Aiaraldea Komunikabideari.

Euskal Herriko periferian kokatuta dauden herriekiko aurreiritziak apurtu nahi izan ditu Agirrek eleberrian: "Askotan, Gipuzkoatik esaterako, uste dugu Euskal Herriko ertz hauetan, Burgoseko mugan, ez dela euskaraz hitz egiten. Aukera ona dugu esku artean Euskal Herriko txoko desberdinak kulturaren bidez mapan jarri eta hauen errealitatea azaleratzeko".

'Geuretik Sortuak'

Iragan ikasturtean jarri zuen abian Udalbiltzak 'Geuretik Sortuak' egitasmoa, sortzaile eta udalerrien arteko sinergiak sortzeko helburuarekin. Guztira, Euskal Herriko 25 udalerritan garatu dute ekimena: sortzaileek 2-3 asteko egonaldiak egin dituzte udalerri bakoitzean eta pieza artistiko bana sortu dute. Orain, sortutako obra artistiko guztiekin bira bat antolatu dute ekimenean parte hartu duten udalerri guztien artean. Artziniegan honezkero hainbat emanaldi eskaini dituzte, hala nola, Sexberdinak eta Trapu Zikinak antzezlanak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide