Harrera beroa jaso zuten uztailaren 9an munduko hamaika txokotatik Artziniegara bertaratu ziren arciniegatarrak. Izan ere, hiribilduaren 750. urteurrenaren testuinguruan, Arciniega abizenaren lehenengo munduko topaketa antolatu zuten.
Euskal Herritik ez ezik, Espainiatik eta Europako beste hainbat herrialdetatik ere bertaratu ziren bisitariak Artziniegara, baina bereziki Hego Ameriketatik, bertan baitago hedatuen abizena. Joaldunen doinuek gidatuta, Hiriko atean jaso zuten harrera ofiziala; agur dantza, kantu eta Joseba Vivanco alkatearen hitzartzearekin.
Herri bazkaria izan zen eguneko jarduera nagusia, berrehundik gora arciniegatar mahai beraren bueltan elkartu baitziren. Aurretik, ordea, Bizindar taldeko kideek herri kirol erakustaldia eskaini zuten, eta egun osoan Artziniegako interesgune desberdinetako ateak zabalik izan zituzten bisitariek.
Argazkiak: Artziniegako Udala