Ostiralean zabalduko dute berriz ere Artziniegako Gaztelekua

Jone Gartzia Gerra 2023ko urt. 24a, 14:57

Artziniegako udaletxe zaharrean ematen da zerbitzua eta balkoia berritzen ari dira uneotan. / Artziniegako Udala

Gaztelekuaren kudeaketa bi urterako esleitu berritan, ostiral honetan bertan egingo dute inaugurazio jaia, asteburu osoan zehar luzatuko den programazioarekin. Otsaileko eta martxoko egitaraua ere aurkeztu ditu Gaztelekuak, askotariko ekintzaz beteta.

Ostiral honetan, urtarrilaren 27an, zabalduko dute berriz Artziniegako Gaztelekua 18:30ean hasiko den merendolarekin. Inaugurazio ekitaldia asteburu osoan zehar luzatuko da, larunbatean egingo duten tailerrarekin eta igandean izango den ideia zaparradarekin.

Artziniegako Udalak jakitera eman du Hazi Hezkuntza enpresari esleitu diola Gaztelekuaren kudeaketa bi urterako, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Urrian EAJk salatu zuen udal gobernu taldearen “kudeaketa eta aurreikuspen falta” Gaztelekuaren irekieraren atzerapena eragiten ari zela. Udalak, bere aldetik, bitarteko falta argudiatu zuen egin beharreko lan guztia aurrera ateratzeko.

Otsaileko eta martxoko egitarauak prest

Udalak webgunean eta sare sozialetan eman du datozen hilabeteetako programazioaren berri. Sareratutakoaren arabera, askotariko ekintzak egongo dira Gaztelekuan otsaileko eta martxoko ostiral, larunbat eta igande guztietan: tailerrak, joko librea, mahai jolasak, bingoa, txapelketak...

Nabarmentzekoak dira bertan izango diren ikastaro anitzak. Esaterako, otsailaren 5ean berdintasun tailerra egingo dute, 12an eskulan tailerra eta 17an mozorro tailerra. Hurrengo hilabetean, aldiz, Martxoak 8aren inguruko ikastaroa, autodefentsa tailerra eta sukaldaritza tailerra egongo dira Gaztelekuan. Ohartarazi dutenaren arabera, aurrez izena eman beharra dago tailerretan parte hartzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide