Aurtengo Artziniegako udal aurrekontuak %73 handitu dira Kultura Etxeko lanen ondorioz

Aitor Aspuru Saez 2023ko ots. 16a, 07:05

Iazko maiatzeko udalbatza./ Aiaraldea

Joseba Vivanco alkateak azaldu du obra horrek desitxuratzen dituela aurrekontuak eta berez, iaz baino ohiko diru sarrera txikiagoak izan dituela Udalak.

Duela astebete onartu zituen Artziniegako udal osoko bilkurak 2023ko udal aurrekontuak. EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJko kontrako jarrerarekin egin zuten aurrera. PPko zinegotziak ez zuen parte hartu udalbatzan.

Guztira, Artziniegako tokiko erakundeak 3.586.958,82 euroko aurrekontua izango du. Iazko kopuruarekin alderatuta (2.072.148  euro), %73ko igoera ekarri du aurtengo jardunaldiak, baina Joseba Vivanco alkateak nabarmendu du datua desitxuratuta dagoela Kultura Etxeko lanen ondorioz.

Hain zuzen, obra horri aurre egiteko Eusko Jaurlaritzako (700.000 euro) eta Arabako Foru Aldundiko (484.812 euro) dirulaguntzak eskuratu ditu Artziniegak.

Soberakinak erabili beharra

Izan ere, Artziniegako alkateak argitu du ohiko diru sarrerak murriztuko direla 2023an: "Ondare Higizinen gaineko Zerga ez da igo, ezta zabor bilketa zerbitzuaren tarifak. Gainera, iaz basoen ustiaketagatik dirua jaso genuen eta aurten ez da hori gertatutako. Ez dugu ahaztu behar Urbidek uraren kudeaketa bere gain hartu zuela eta diru sarrera horiek ez ditugula zenbatuko".

Gainera, udal buruak azpimarratu du ohiko hornidura gastuak (elektrizitatea, esaterako) eta langileenak handitu direla.

Hori dela medio, Udalak soberakinak baliatuko ditu. "Mantenu obrak horrela ordainduko ditugu, baita jaiak eta Erdi Aroko Azoka ere" adierazi du alkateak.

Dena den, zenbait ildo indartu ditu tokiko erakundeak; gizarte larrialdiko dirulaguntzak bikoiztu ditu 6.000 eurora heldu arte eta Barratxi Guraso Elkarteko, kultura eta gazteen dirulaguntzak handitu dituzte.

EAJren kontrako botoa

Jeltzaleen aurkakotasunari buruz galdetuta, Joseba Vivancok argudiatu du udal gobernu taldeak ez zituztela aintzat hartu EAJren proposamenak  aurrekontuak osatzeko orduan: "Ideia ugari ekarri zituzten, baina ekonomikoki baloratu gabe. Ezin dugu aurrekontuan aldaketak onartu ez badakigu zenbateko gastua ekarriko duten eta nondik aterako dugun dirua, beste sailetatik murriztuta".

Jeltzaleek iaz ere aurka bozkatu zuten arrazoi beragatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide