'La Karpy' bizikleta klasikoentzako ibilaldiak badu data. Ekainaren 11n egingo da ekimenaren aurtengo edizioa. Parte hartzaileak goizeko bederatzietan abiatuko dira Artziniega Museotik, eta 46 kilometroko ibilbidea egin beharko dute orotara.
Horrez gain, antolatzaileek autobusa antolatuko dute, martxa jarraitu nahi dutenentzat. Bisita gidatua ere egingo dute udalerriko alde zaharrean barrena, eta bazkariarekin emango diote amaiera egunari.
Otorduaren prezioa 12 eurokoa izango da eta bildutako dirua ekitaldiaren antolakuntza finantzatzera bideratuko da.
Izen ematea irekita
Martxarako izen-ematea, aldiz, doakoa izango da, baina antolatzaileek "konpromisoa" eskatu diote inskripzioa betetzen dutenei. Baldintza bakarra bete beharko dute parte hartzaileek: 1987 baino lehenagoko bizikleta baliatzea.
Erabiltzen duten arropa ere zaharra izan beharko da eta, ahal den neurrian, imitazioak ekiditea eskatu dute.
Informazio gehiago eskuratzeko 945 396210 telefonora deitu edo lakarpy@hotmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.
Ikusi hemen iazko edizioko irudiak.