Hauteskunde kanpanako ekitaldi nagusia egin zuen Artziniegako EH Bilduk atzo eguerdian, Beratza aldapan. Zerrendakideak aurkezteaz gain, maiatzaren 28ko hitzordurako dituen erronkak azaldu zituen koalizioak.
Mikel Oterok hartu zuen hitza lehenbizi. EH Bilduren legebiltzarkideak Urduñan apirilaren amaieran plazaratu zuen diskurtsoa garatu zuen artziniegarren aurrean. Bere iritziz, "agortuta" dago EAJren gaur egungo gobernantza eredua. Horren aurrean, EH Bilduk Arabarako planteatutako alternatibak defendatu zituen, Araba Zero Karbono edota Uztaraba planteamenduak, besteak beste.
Horri lotuta, Oterok nabarmendu zuen, Urduñan bezala, Artziniegan ere beharrezkoa dela EH Bildu hainbat legealdiz egotea gobernuan aldaketak ikusteko: "Lehen legealdian nahikoa izaten dugu aurretik itxita zeuden leihoak ireki eta udaletxea aireztatzearekin".
Joseba Vivanco jarri zen jarraian mikrofonoaren aurrean, atzean gainontzeko zerrendakideak zituela. Azken legealdian eginiko lana defendatu zuen alkategaiak, herrian eginiko obra zehatzen adibideak jarrita, baina bi ekimenetan jarri zuen bereziki fokua: pandemiaren kudeaketan eta udalerriaren 750. urteurrena ospatzeko abiatutako dinamikan. "Bi adibide horiengatik soilik EAJk errespetu apur bat erakutsi beharko luke".
Vivanco baikor agertu zen maiatzaren 28ko hauteskundeei begira. Bere iritziz, bi helburu nagusi izango dituzte egun horretan: "EAJ berriro oposiziora bidaltzea eta PP udaletxetik behin betiko kanporatzea". Horri lotuta, alkategaiak iragarri zuen, bere iritziz, posiblea dela EH Bilduk 6. zinegotzia eskuratzea. Horregatik, hurrengo igandeko hitzordua "historikoa" izango dela ziurtatu zuen zerrendaburuak, "duela lau urtekoa izan zen bezala".