Greba mugagabea deitu zuten Lucarteko langileek ostegunean eta protestak ez zuen 24 orduko iraupena ere izan, lan hitzarmen berria onartu baitzuten zuzendaritza eta sindikatuek hurrengo egunean. Berez, 2018an erosi zuen Lucart enpresa italiarrak CEL konpainia eta kaleratzeak eta lan baldintzak kaskartzea eragin zuen horrek.
Mobilizazioari esker lan baldintzak hobetzea lortu dute beharginek hurrengo bost urteetarako. Zehazki, hurrengo aldaketak eragin dituzte:
- KPI errealaren arabera igoko dute soldata urtero. Azken bi urteetan KPIaren igoera ez bada heltzen %3ra, kopuru horretan igoko dute soldata.
- Antzinatasun sariak berreskuratu dituzte.
- Presentzia plusa 462 eurokoa izango da.
- Gaueko, eskolako eta familiako osagarriak berreskuratu dituzte.
- Langile berrientzat zegoen kategoria berezia, apalagoa, desagertuko da.
- Urteko lanaldia 8 ordutan murriztu dute.
- Bulegoko langileek egun bat izango dute astero telelanean aritzeko, eurek hautatutakoa.
Grebarik gabeko greba, baina ekoizpena etenda
Berez, langileek deitutako greba ostegunean hasi zen 06:00etan eta ekoizpena guztiz gelditu bazen ere, teknikoki, ez zen lanuztea izan.
Izan ere, enpresak proposatu zuen greba ordaindutako baimena bilakatzea, nahiz eta beharginak bere postuetan ez egon. Horren truke, zuzendaritzak eskatu zuen bi langile gutxiengo zerbitzuetan egotea lantegietan dena ondo zegoela zaintzeko.
Ez ohiko egoera horretan egon zen lantegia ostegunean, ostiralean bertan itzuli baitziren beharrera 06:00etan.
Aitor Gomez ELAko kideak aipatu du negoziazioa ez zela egun bakarrean gertatu: "Aurretik ari ginen hizketan, baina ostegunean dena adostu genuen eta aurreakordioa idatzi bezain pronto -egunean bertan- batzarretan onartu zen".
Enpresa garrantzitsua Artziniegan eta eskualdean
Beste konpainia batzuek Lucart enpresak baino izen gehiago badute ere, eskualdean ekarpen handia egiten du fabrika horrek enpleguaren aldetik. Izan ere, Artziniegan 130 lagun daude papera ekoizten. Horrez gain, Arangurenen 94 behargin ditu enpresak, eta 16 Gueñesen.