Soldata jaitsierak eta kaleratzeak egongo dira CEL taldean

Erredakzioa 2017ko aza. 28a, 10:41

Mobilizazio ugari egin dituzte enpresa taldeko beharginek. / ELA

Lanpostuak 225 izatetik 145 izatera igaroko dira eta %9 eta %20 bitarteko jaitsierak emango dira soldatetan.

Akordioa sinatu zuten atzo CELeko Enpresa Batzorde gehienek Lucart talde italiarrarekin. Lucart da enpresa-taldea erosteko prest azaldu zen inbertitzaile bakarra, baina hainbat baldintza jarri zuen horretarako: langile kopurua txikitu eta lan-baldintzak okertzea, hain zuzen.

Azken egunetan negoziazioetan buru-belarri egon dira langileen ordezkariak talde italiarreko kideekin, eta modu horretan adostu dute akordioa. Langileen batzar orokorra egin zuten Zallan, eta beharginen gehiengoak egin zuen bat hitzarmen horrekin: aldeko 150 boto egon ziren, aurkako 15 eta 10 zuri.

Modu horretan, lanpostuak 225 izatetik 145 izatera igaroko dira eta %9 eta %20 bitarteko jaitsierak emango dira soldatetan. Lanpostu gehienak aurre-jubilazioen bidez suntsituko dira, baina lau “kaleratze traumatiko” egongo dira baita ere. ELAk (CELen gehiengoa duen sindikatuak) adierazi du akordioa ez dela ona izan, baina langileek eginiko borroka nabarmendu du. “Mobilizazio ugari egin dugu, Enkarterrin nahiz administrazioen aurrean”.

Artziniegako lantegia
Gauzak hala, ezbaian dago Artziniegako lantegiaren etorkizuna, bertako ekoizpen-linea kentzea baitzen Lucarten asmoa. Hala ere, ELAko kideek adierazi dute oraindik ez dakitela nola eragingo dien akordioak herriko instalazioei.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide