Trafikoari dagokionez, adibidez, ibilgailuen zirkulazioari eragingo diote obrek. Izan ere, Kultur Etxearen aurrean dagoen aparkalekua kenduko da, parrokiaren aurrean ere ezingo da autoa utzi eta ezingo dira pertsonak igaro Goienkale eta Artekale arteko kantoitik. “Aldaketa horiek pixkanaka gertatuko dira hemendik aurrera”, iragarri du Udalak herritarrei bidalitako oharrean.
Zerbitzu eta azpiegituren lekualdaketa
Horrez gain, zerbitzu batzuk tokiz aldatuko dituzte. Liburutegiaren arreta gunea eta KZ Gunea udaletxe zaharreko beheko solairuan kokatuko dira, orain arteko ordutegia mantenduta. Funts bibliografiko “ia guztia”, aldiz, Udalak alokatutako lokal batean gordeko da, eta erabiltzaileek ohiko kontsulta eta maileguak egiteko aukera izango dute. “Eguneko zentroaren kasuan, Iturrialde taberna zaharrera lekualdatuko da, datorren urtean Geltoki Plazan eguneko zentro berri bat izango dugula espero dugulako”, zehaztu du tokiko erakundeak.
Udalak aitortu du ez dela “batere erraza” izango lokalen behar guztiei “behin behineko erantzuna” ematea. Gauzak hala, “ulermena eta pazientzia” eskatu diete herritarrei, eta nabarmendu dute sortutako eragozpenak “Artziniegako ekipamenduen hobekuntza nabarmenarekin” konpentsatuko direla.
Izan ere, Kultur Etxeko barrualde osoa berritzea da obren xedea, eta baita estalki osoa aldatzea ere. “Udal ekimen garrantzitsua da, denboran luzatuko dena, baina etorkizunean Artziniegari espazio berri eta berritu bat eskainiko diona, gizarte eta kultur jarduera ugari garatzeko”.