Artziniegako Udalak milioi bat euro baino gehiagoko dirulaguntza jasoko du Kultura Etxea eta dorrea konpontzeko

Aitor Aspuru Saez 2023ko abu. 2a, 09:15
Hasi dira dagoeneko Kultur Etxeko obrak. / Artziniegako Udala

Iaz 800.000 euroko dirulaguntzari uko egin behar izan zion tokiko erakundeak, enpresa eraikitzaileak ez zituelako lanak amaitu epe barruan. Aurten, aldiz, 700.000 euroko ekarpena egingo du Eusko Jaurlaritzak Alde Zaharreko monumentuak konpontzeko. Leader programa eta Next Generation funtsei esker 450.000 euro gehiago jasoko dituzte.

Artziniegako Udalari 700.000 euroko dirulaguntza bideratzea onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak iragan astean. Zehazki, Kultura Etxea eta Ortiz de Molinillo y Velasco Dorrea eraberritzeko lanak ordaintzeko baliatuko dute diru hori. Horri gehitu behar zaio beste 450.000 euro Leader programatik eta Next Generation funtsetatik helduko direla.

Hain zuzen, Kultura Etxea egokitzen eta hobetzen ari dira une honetan. Dorrea, aldiz, hotel moduan ireki nahi dute.

Kultura Etxean aldatu nahi dituzten elementuak kentzeari ekin diote jadanik eta abuztuan hondakin guztiak eramango dituzte, irailean bertan lanekin hasteko.

Esku hartzearen xedea da egitura egonkortzea, irisgarritasuna bermatzea, energia eraginkortasuna hobetzea, edukiera handitzea eta espazioaren banaketa aldatzea.

Dorrean, enpresa eraikitzaileaz nazkatuta

Ortiz de Molinillo y Velasco Dorrean egoera bestelakoa da. Hotela ireki nahi dute han, 2016an itxi ostean, baina Joseba Vivanco alkateak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari behin eta berriro exijitu diotela enpresa eraikitzaileari erremateak bukatu behar dituela, irekitzeko ahalik eta lasterren, "baina ez dute momentuz egin", azaldu du udal buruak.

Haserre hori gehitzen zaio Udalak 100.000 euroko dirulaguntza galdu zuela iaz enpresa berak -Construcciones Aplibur konpainiak- ez zituelako lanak amaitu ezarritako epearen barruan.

Diego Ortiz de Molinillo y Velasco alkateak agindu zuen dorrearen irekiera 1592an eta orain klimatizazio-sistema jarri zaio (aerotermia-euskarriarekin), irisgarritasuna hobetu, estalkia inpermeabilizatu, eta kea ateratzeko eta sukaldean gasa instalatzeko jarduketak egin dira. Horrez gain igeltserotza, zurgintza, saneamendu, argiztapen eta iturgintza lanak ere egingo dira.

1996an Monumentu Multzo izendapena jaso zuten bi eraikinek, Kultura Ondasun izendatutako Artziniegako Hirigune Historikoaren barruan. Gainera, bi espazioak Artziniegako Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoaren gainean daude.

Leader eta Next Generation

Berpiztu programaren barruan jasoko du diru ekarpena udalerriak. Gogoratu beharra dago Udalaren asmoa zela 800.000 euroko laguntza jasotzea 2022-2023 jardunaldian. Ordea, tokiko erakundeak berak azaldu duenez, enpresa lizitatzailearekin arazoak sortu ziren -obra ez zuela epearen barruan amaitu- eta ezin izan zituzten epeak bete.

Hori dela eta, Udalak bertan behera utzi zuen eskaera, baina dirulaguntza berria eskatu dio Jaurlaritzari 2023-2024 epealdirako. Gauzak hala, aurten erabili beharko ditu 700.000 euro horiek.

Dirulaguntza gehiago eskuratu ditu Udalak. Alde batetik, 100.000 euro inguru jasoko ditu Leader programari esker eta 350.000 euro inguru Next Generation funtsen Pirep programaren bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide