Gordexolako errepideko konkorrak kentzea eskatu diote Artziniega eta Aiarako alkateek bertako Udalari

Erredakzioa 2024ko mar. 26a, 17:00

20 konkor daude guztira BI-2604 errepidearen Gordexolako zatian. / Artziniegako Udala

Hori eskatzeko gutuna bidali zioten otsailean Gordexolako Udalari, baina, azaldu dutenez, ez dute erantzunik jaso oraindik.  

Gutuna bidali diote Artziniega eta Aiarako alkateek Gordexolako Udalari, “Bizkaia zeharkatzen duen BI-2604 errepideko konkorrak kentzen hasteko dituzten planei buruzko informazioa” eskatzeko. Joseba Vivancok eta Pruden Otegik uste dute prozesua ezin dela gehiago atzeratu, eta badela garaia udal horrek “badenak pixkanaka ezabatzeari” ekin diezaion. 

Bi gobernuburuek nabarmendu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiak bere garaian idatzitako planaren hiru faseak beteta daude dagoeneko. Horregatik, “azken urteetan hartutako konpromisoak betetzea” eskatu diote Gordexolako Udalari.

Vivancok eta Otegik gogorarazi dutenez, 2008an hasi zen arazoa: “Gordexolako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak 2005ean errepide zatiaren titulartasuna laga ondoren, erabaki zuen badenak ipintzen hastea, 19 guztira, eta ordutik ia bere horretan jarraitzen dute”. Gainera, salatu dute tokiko erakundeak beste konkor bat jarri berri duela, “eta horrek dagoeneko eragin ditu errepide hori Bizkaira eta, bereziki, Bilbo Handira joateko erabiltzen duten askoren lehen kritikak”.

19 konkor jarri ditu Gordexolako Udalak azken hamarkadan, eta berri bat gehitu du azken egunetan, bi alkateek salatu dutenez.

Bi alkateek nabarmendu dute 2008tik hona herritarren protesta ugari egon direla konkorren aurka, eta baita salaketa judizial bat ere. Horrez gain, aipatu dute Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko diru-laguntza eman ziola Aiaraldera itsatsita dagoen udalerriari, konkorrak ezaba zitzan. 

Gertakari segida luzea ekarri du gaiak azken hamarkadan, bi alkateen aburuz: “Arabako Foru Aldundiaren bitartekaritza, Bizkaiko Batzar Nagusietarako interpelazioak, bilerak Gordexolako Udalarekin berarekin, anbulantzien eta larrialdien sektoreko txostenak elementu horiek zalantzan jartzeko, hedabideetan oihartzun handia izan duten kanpaina publikoak (Mateo Lafragua Artziniegako bizilaguna buru zuena, adibidez)... Baina Gordexolako Udalak ez du bere jarrera pixka bat mugitu urte hauetan".

Ildo horretan, Vivanco eta Otegik ohartarazi dute abiadura murrizteko elementu horiek “kalte nabarmena” egiten dietela bertatik igaro behar diren gidari eta txirrindulariei. Baina badaude arrisku handiagoak pairatzen dituztenak ere: “anbulantzian Bilbora eraman behar dituztenen osasuna eta bizitza ere arriskuan jartzen jarraitzen dute, eta gaur egun, 20 konkor zeharkatzen dituzte. Arrisku hori, oso salatua izan den arren, duela hamabost urte baino gehiago zegoen bezain indarrean dago oraindik”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide