Nola jarraituko duzue larunbateko finala?
Prozesio bat egingo dugu Artziniegako tabernetatik, Marrazo Santuaren Prozesioa (barreak). Gure maskota den puzgarri handi bat da, eta horrekin ibiliko gara herrian zehar bueltaka. Gero, La Encina jatetxera etorriko gara eta bertatik jarraituko dugu partida.
Hori Artziniegan geratzen garenon artean, noski! Izan ere, peñako hogei bazkide Sevillara bidaiatu dute; lurrez, itsasoz eta airez. Batzuk sarrerarekin eta beste batzuk sarrera gabe.
Athleticek irabaztekotan, nola ospatuko duzue?
Inoiz ez dugu final bat ospatzeko zortea izan. Jarraitu ditugun guztietan erdi triste alde egin behar izan dugu etxera. Guk, badaezpada, piroteknia andana erosi dugu. Sartutako gol bakoitzeko suziriak botatzen ditugu, baina irabaziz gero… sentitzen dut baina entzun beharko gaituzte, berrogei urtean behin gertatzen da hau.
Igandean, ziurrenik, Bilbora jaitsiko gara giroaz gozatzera, eta Sevillatik etorriko diren hainbat kiderekin batuko gara.
Gabarra ikustera ere joan beharko gara. Talde osoa jaitsiko gara Bilbora eta hori ere izugarria izango da, hemen geratu garenak eta Sevillan dauden 80.000 zaleak batuko gara Bilbon!
Eta galtzekotan, prest zaudete egoera horri aurre egiteko?
Nik nahiko ondo daramat, baina taldean badira gai hori nahiko txarto daramatenak. Azken finalak pandemia egoeran izan dira, eta ez ditugu orokorrean hain modu sutsuan bizi izan. Baina aurrekoetan kolpe galantak jaso izan ditugu. Asko ia depresioan erori ziren.
Zer nolako finala aurreikusten duzue?
Uste dut 3-1 irabaziko dugula. Aurrekoan, final-erdietara iritsi aurretik, apustua egin nuen finala Mallorcaren aurka jokatuko genuela. Erotuta nengoela esan zidaten batzuek, baina asmatu egin nuen. Ea oraingoan ere berdina den. Dena den, berdin dit nola irabazten dugun; izan 3-1 edo azken minutuan sartutako gol batekin.
Uste dut Athletic momentu oso onean dagoela, on fire gaude, eta Mallorca ez da nor guri aurre egiteko.