Artziniegako Udalak salatu du herriko Correoseko bulegoa itxi dutela behin-behinean

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 16a, 18:00

Artziniegako bulegoak bere zerbitzua eten du. / Artziniegako Udala

Tokiko erakundeak azpimarratu du Europako Hauteskundeak ate joka daudela eta herritarren eskubideak urratu ahal dituela gertatutakoak.

Artziniegako Udalak jakinarazi du herriko Correos enpresako bulegoa itxi dutela, momentuz. Dirudienez, posta zerbitzuko langileak baja hartu du eta konpainiak ez du ordezkorik kontratatu. Horri gehitu behar zaio aurten beste postariak erretiroa hartu duela eta ez dutela bere tokia bete.

Gauzak horrela, tokiko erakundea Amurrioko bulegoarekin jarri da harremanetan eta han azaldu diote ez dakitela noiz arte egongo den etenda zerbitzua, "kontratazioari (...) buruzko erabakiak, Posta Zuzendaritza berria sartu zenetik, Madrilen hartzen dituztelako, ez Arabako eta Bilboko Iparraldeko ordezkaritzetan".

Egoera hori bereziki larritzat jo dute tokiko erakundean, Europar Batasuneko hauteskundeak ate joka baitaude eta uste dute gabezia horrek herritarren eskubideak urratu ahal dituela.

Horren aurrean, Udalak aldarrikatu du Artziniegak posta banaketa duina behar duela eta ez dutela onartuko inolako murrizketarik. Horri aurre egiteko, erakundeak kudeaketak egingo ditu, baina herritarrei ere eskatu die kexak aurkeztea eta bi telefono zenbaki zabaldu dituzte horretarako: arreta zerbitzukoa (900 400 004 -doakoa-) eta Gasteizko Arabako bulegoarena (945 25 52 62).

Nabarmendu beharra dago tokiko erakundeak kexa aurkeztu zuela apirilean, ez zegoelako erretiratutako langilearen ordezkorik, baina zerbitzuak okerrera egin du hilabete baino gutxiagoko tartean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide