Tubacex Taylor Accesorios (TTA) konpainiako beharginek mobilizazioetara jo dute lan hitzarmena berritzeko. Izan ere, duela hamar urte ez dute soldata igoerarik izan. Langileek salatu dute azken urteotan enpresaren diru sarrerak %100ean handitu direla eta 2021 eta 2023 urteen artean mozkin gordinak hirukoiztu dituztela eta, ondorioz, soldaten eguneraketak ez diola inolako arriskurik suposatzen TTAren egoera ekonomikoari.
Halaber, beharginek aldarrikatu dute proiektuarekin konpromisoa erakutsi dutela, ez soilik eskariak inolako atzerapenik gabe ekoizten, baita ikerkuntza eta garapen proiektuak ere egikarituta ere. Bide batez, langileek azpimarratu dute egitasmo horiei esker Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso dituela TTAk.
Zuzendaritzaren proposamena
Hainbat urtez hitzarmen berriaren exijentziari muzin egin ondoren, zuzendaritzak duela gutxi aurkeztu die proposamena langileen ordezkariei. Baina horrek, giroa baretu ordez, berotu egin du. Izan ere, soldata igoera absentismora lotu dituzte. Testuinguru horretan, beharginek gogoratu dute zuzendaritzak %46an handitu dituela bere soldatak inolako helbururik ezarri gabe bere buruari.
Hori dela eta, lanuzteak eta protestak antolatzeari ekin diote TTAko beharginek. Honako hau ez da abiatzen duten lehen mobilizazio aroa, 2017an hainbat elkarretaratze egin baitzituzten.