Ostiral honetan berriro mobilizatu dira Artziniegako frontoian udalerriko zerbitzu publikoen alde, duela bi aste abiatutako protesta aroari eutsiz. Aurreko bi elkarretaratzeak Udalak berak deitu zituen, baina oraingoan Arteko Gure Ama Ikastetxeko guraso elkarteak hartu du lekukoa.
Izan ere, aste honetan bildu dira hezkuntza komunitateko eta Udaleko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, baina ez dira pozik atera bileratik. Eskolako zuzendaritzari orduak murrizteko erabakia "irmoa" dela uste du Udalak, eta ez dela aldatuko Jaurlaritzak bestelako erabaki politikorik hartu ezean.
Osasun zentroaren eta Correoseko zerbitzuaren egoera ere izan dituzte hizpide azken asteetan protestetan. Azken horri lotuta, Udalak jakinarazi du ez dutela posta-bulegoa itxiko azkenean, baina ez dutela ezta erretiratu den postaria ordezkatuko. "Geratzen den langileari esleitu dizkiote funtzio guztiak, eta uste dugu horrek eragina izango duela zerbitzuaren kalitatean", azaldu du Arkaitz San Jose Martinezek. Zinegotziak aurreratu du Correoseko zuzendaritzara gutunak bidaltzea proposatuko dietela herritarrei aurki, honen iritzia aldarazteko.
Zinegotziaren aburuz, beharrezkoa da mobilizatzen jarraitzea, orain uda datorrelako eta ezer egin ezean irailean egoera berdinarekin topatuko direlako. "Baina jendearen esku uzten dugu erabaki hori", gaineratu du.