Antzinako Azokaren XXV. edizioa ospatu zuten iragan larunbatean Artziniegan. 40 urteurrenean murgilduta dagoen Artea Etnografia Elkarteak 1998. urtean antolatu zuen lehen aldiz ekimena, eta mende laurdenez Erdi Arora eraman ditu Artziniegako alde zaharreko kaleak. Eguzkia lagun jendetza batu zen irailaren 14an Artziniegan, eta festa giroa goizetik iluntzera luzatu zen.
Arrakastaren sekretua herritarren inplikazioan dagoela azaldu dute Antzinako Azokaren antolatzaileek: "Gure zortea da herritik jaiotako ekimena izanik, herritarrek asko parte hartzen dutela bertan". Bide horretan, 2022. urtean eta pandemiak eragindako etenaldia baliatuta, Udalak azokaren gaineko gogoeta abiatu zuen, herritarrek etorkizuneko azoka diseinatu zezaten. Gogoeta horretatik azokaren antolakuntza aurrera eramango zuen lantalde berria sortu zen. "Herritik eta herriarentzako antolatzen dugu azoka; auzokideek disfrutatzeko eta bisitariek gurekin batera gozatzeko".