Urriaren 19an, larunbat honetan, "XX. Mendeko Moda Desfilea" egingo dute Artziniega Museoan, arratsaldeko 19:00etan. Museoaren funtsetatik arropa, osagarri, bitxi eta abarren erakusketa atonduko dute, eta, honi ikusgarritasuna emateko, ari dira desfilea antolatzen. Desfile horretan, hainbat laguntzailek desfilatuko dute, bai haurrek, bai helduek, modelo gisa.
Artziniega Museoak ohar bidez azaldu duenaren arabera, museoak joan den mendeko bizimoduak erakusten ditu, XX.mendekoak, hain zuzen ere. Eta "bizimodu horiek ehunka urteetan aldatu ez ziren arren, jantziek joan den mendeko 100 urteetan aldaketa nabarmenak izan zituzten, eta XXI. mendeko lehen laurden honetan, garai bateko modak berreskuratzen ari dira, erakusketan ikusi ahal izango denez".
Balenciagaren jantziak ere ikusgai
Herriko bizimodua xumea zen, batez ere gerraostean, eta 1960ko hamarkadaren amaiera eta 1970eko hamarkadaren hasiera arte jantzigintzak ez zuen aniztasun nabarmenik erakusten: "Ez dugu, beraz, traje handi eta ikusgarririk espero, baina sorpresa batzuk bai; izan ere, prestaketak aurrera zihoazen bitartean, harrera ona izan dugu eta desfile hau aberasteko eta osatzeko, hainbat jantzi, osagarri eta abar eskaini dizkigute. Horien artean, Balenciagak diseinatutako bi jantzi aipatu nahi ditugu, zalantzarik gabe, Artziniega Museoko Areto Nagusian egingo dugun “XX. Mendeko Moda Desfileari” kolorea emango diotenak".
Honakoa ez da Artziniega Museoak antolatzen duen lehenengo moda desfilea. 2022an, esaterako, hiribilduaren 750. urteurrenarekin bat eginez, Erdi Aroko jantzigintza ardatz zuen Strata desfilea antolatu zuten, herritarren parte hartze nabariarekin.