Gaur goizean aurkeztu dute Artziniega Museoan azaroaren 29an egingo den Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren Topaketa.
Horretarako, EAEko zein Aiaraldeko ordezkari politiko ugarik babestu dute prentsaurrekoa: Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Trinidad L. Vicente Torrado Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Joana del Hoyo Arabako Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak, Joseba Vivanco Artziniegako alkateak, Miren Lopez Artziniegako berdintasun zinegotziak, Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako presidenteak, Irantzu Apodaka Aiarako berdintasun zinegotziak, Jon Escuza Okondoko alkateak, Estibaliz Sasiain Amurrioko alkateordeak eta Nagore Gomara Laudioko alkateordeak.
Erakunde anitzeko kideak izanda ere, guztiek partekatu dute mezu bera: gazteek, bereziki mutilek, sare sozialen bidez jasotzen dituzten indarkeria matxistaren mezu negazionistei aurre egiteko tresna dela Beldur Barik lehiaketa eta horregatik garrantzitsua dela ikastetxeetan egiten den lana. Ez soilik neskek indarkeria matxista identifikatzeko (lehen bikote harremanetan menpekotasuna eta kontrola oso ohikoak direlako), baita gizon gazteak ere berdintasunaren eta eraldaketaren eragile aktibo bilakatzeko.
Egitaraua
Topaketa frontoian izango da eta aurkezleak Leo Bueriberi eta MEL izango dira. Antolatzaileek 100 parte hartzaile baino gehiago espero dituzte. Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera eta ongi etorrian Oliba&Antxoa DJ egongo dira ekitaldia musikaz girotzen.
17:30ean batukada feministarekin kalez kale abiatu eta tailerretarako bideari ekingo zaio erritmoz beterik, helmuga Kultur etxea izango delarik. Bertan hasiko dira tailerrak 18:00etan. Aurten autoezagutza tailerra egongo da Libe Osaren eskutik, “Dantza kolektiboaren plazerra” dantza tailerra Lexlie Ortegaren eskutik, “Ikusi gure mezua” marrazketa tailerra Malen Pazosen eskutik eta “auto(re)TRATU” autorretratu tailerra Ibari Arrietaren eskutik.
Ondoren, 19:00etan, herriko frontoian batu eta sari banaketari ekingo zaio, eta gonbidatu bezala Aimarz egongo da bere abesti batzuk jotzen.
256 lan guztira
Ikus-entzunezko lehiaketak 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari "Beldur Barik jarrerarekin" nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.
Miren Elgarrestak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 256 lan aurkeztu
dituzte, eta horietatik 190 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak.
1.224 gaztek hartu dute parte aurtengo edizioan, 256 lan aurkeztuta
Guztira 1.224 gaztek parte hartu dute, %58 neskak, %37 mutilak eta %5 beste identitate batzuk bezala identifikatzen direnak. Lanak taldean sortu dituzte, emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartu eta eztabaidatzeko.
Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 15-17 urte bitartekoena izan da, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.
Lanen gai nagusiak estereotipoak (%27), edertasun-kanonak eta gorputzak (%13), talde-presioa eta gizarte-presioa (%12) eta kaleko indarkeria (%10) izan dira. Bestalde, proposatu diren Beldur Barik jarrerak honako hauek izan dira: sororitatea (%23), erantzun kolektiboa (%22), ahalduntze indibiduala (%21) eta eguneroko Beldur Barik erantzunak eta estrategiak (%18).