Kirola, kultura, gastronomia eta artisautza uztartzea espero dute bihar Artziniegan goizetik gauera arte. Izan ere, hiribilduak bi ekitaldi garrantzitsu hartuko ditu. Alde batetik, Soxoguti Erronka, eta, bestetik, Gabonetako Azoka.
Kirol jarduerari dagokionez, Udalak aipatu du 500 lagunek parte hartuko dutela Soxoguti Erronkan, bai 9:30ean hasiko den mendi ibilaldian zein 10:30ean abiatuko duten 17 kilometroko Trail lasterketan. Kirolgunean izango du irteera eta Otsati eta Ganzorrotz mendiak zeharkatuko dituzte parte hartzaileek. Ganzorrotz Mendi Taldeak antolatu du zita.
Arratsaldean, gainera, ekintzek ez dute etenik izango, jarraipena emango zaio giroari 17:00etatik 21:00ak arte Toñin Luengas frontoian. Elikagaiak zein artisautza lanak eskuratzeko 20 mahai egongo dira eta Sabin Guarestik girotuko du dena. Horrez gain, eguberrietako koroak egiteko tailerrak eskainiko dituzte helduentzat eta txikientzat, eta baita postre lehiaketa tradizionala, txokolate jana herrikoia eta artziniegarrentzako jostailu bilketa solidarioa ere.
Udalak ziurtatu du poteo giroa ere egongo dela eta eskualdeko herritar orori zabaldu dio bertaratzeko gonbita.