Igandean inauguratu zuten Artziniegako horma-irudi berria, Cherra Ortegaren eskutik. Artista madrildarrak irabazi ditu udalerriko mural lehiaketaren lehen bi edizioak. Erlojuaren Dorreko horman margotu zuen lehen ediziora aurkeztu zuen irudia. Bigarrena, aldiz, Pablo Respaldizaren familiaren sutegiaren alboko paretan margotu. Izan ere, La Fragua da lanaren izena eta, titulu horrek iradokitzen duen bezala, aspaldiko sutegietako lana islatzen du.
Udala oso pozik azaldu da emaitzarekin. Tokiko erakundearen aburuz, “horma-irudi ikusgarria” osatu du Ortegak, balio duena herriko errementariei omenaldia egiteko. Gauzak hala, udal ordezkariek eskerrak eman dizkiote artistari, epaimahaiari eta baita Pablo Respaldizari ere, bere familiaren sutegia mantendu eta erakusteagatik. “Artziniega kultura da, baina denon artean egiten den kultura”, aldarrikatu dute.
Argazkiak: Artziniegako Udala