Gorrotozko delitu salaketa jarri dute atzo Artziniegan izandako gertakariagatik eta Udalak "irain arrazistak" gaitzetsi ditu

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 16a

Laudioko Ertzain Etxean jarri zuten salaketa. / Aiaraldea.eus

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.

Ertzaintzak gorrotozko delitu salaketa jaso zuen atzo, Artziniegan gertatutako gatazkaren ondorioz. Arratsaldean hasi zen dena, familia magrebtar baten ume batzuk Frontoiko plazako iturrian jolasten zeudela. Udalak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, herritar batek kargu hartu zien haurrei ura xahutzeagatik, baina hauek jolasean jarraitu zuten. Horren ondoren, emakume batek adingabeen amengana jo zuen eta euren jarrera kritikatzen hasi zen, baina iruzkin eta irain arrazista eta xenofoboak egiteari ekin zion berehala.

Horrek talka eragin zuen eta, berez, gorrotozko delituak ez ezik, "ekintzezko tratu txarragatik" salatu dute emakumea, hau da, lesiorik sortu ez zuen erasoagatik. Poliziaren prentsa kabineteak ez du zehaztu erasoa adingabeen edo helduen kontra izan zen, baina Udalak iradoki du haurren kontra izan zela.

Artziniegako Udala irainak jasan zituzten herritarrekin batu da eta babes osoa eskaini die.

Hain zuzen, sare sozialen bidez plazaratu du bere jarrera atzo jazotako gertakari arrazista eta xenofoboari buruz. 

Hala adierazi du tokiko erakundeak: "Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu jarrera honen biktima diren pertsonei; eta bigarrenik, gure gaitzespenik irmoena honelako gertaera tamalgarri eta gaitzesgarriei".

Udalak azpimarratu du Artziniega herri irekia dela eta soberan daudenak direla, zehazki, jarrera arrazistak dituztenak. Portaera horien aurka lanean jarraituko dutela ziurtatu dute.

Atzoko gertakaria Torre Pachecon egondako istilu arrazisten ondoren izan da, baina aipatu beharra dago iaz ere horrelakoak gertatu zirela Erresuma Batuan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide