Gorka FC laudioarrak ez du ezkutatzen uztailaren 27an gertatutako hiru umeren hilketen ostean egoera oso larria izan dela Ingalaterran: "Erasoaren egilea errefuxiatu bat zela zabaldu zen, guztiz gezurra zena, eta jende batek burua galdu zuen. Etorkin pakistandarren dendak txikitu eta lapurtu zituzten, poliziarekin istiluak egon ziren..."
Aiaraldearraren aburuz, Gobernua eta polizia guztiz jokoz kanpo harrapatu zituzten protestek eta indarkeriak, eta horren atzean Ingalaterrako muturreko eskuina dagoela aipatu du, baita bestelako indarrak ere: "Talde faxista ugari daude hemen, oro har, futbolari lotuta daudenak, baina Ingalaterran gertatzen edozein erasori, txikia izanda ere, hedabideek sekulako garrantzia ematen diote. Esaterako, maiz nire amak Laudion horien berri dauka guk baino lehen".
Zabaldutako gezurrek, komunikabideen bonbardaketak eta antolakunde ultren jarduerak Gorkak inoiz ikusi dituen istilu larrienak eragin zituzten: "Ez ziren bakarrik eskuineko militanteak; ohikoan horrelako kontuetan parte hartzen ez duten herritarrak ere bazeuden".
Gezurraren hanka motzak
Dena den, laudioarraren iritziz, argitu zenean erasotzailea ez zela ez errefuxiatu bat, ezta musulmana ere, protestek behera egin zuten. "Horrelako hilketak larriak dira eta neurriak exijitzen dituzte, baina hezkuntzaren aldetik, ez muturreko eskuinak egin duena", aipatu du Gorkak.
Erantzun eredugarria
Amorruaren eta beldurraren lehen egunak igarota, aiaraldearrak azpimarratu du gizarteak erantzun oso polita eman duela: "Hasieran gertatutakoak ezustean harrapatu gintuen guztiok, baina gero jendeak oso ondo erantzun du. Egia da mobilizazio arrazistek ohiko parte hartzaile baino gehiago izan dituztela, baina manifestazio antifaxistak askoz jendetsuagoak izan dira eta adin eta mota guztietako lagunak mugitu dira. Esaterako, beste manifestazio batzuetan Black Blockeko ekintzaile kaputxadunak ikusten ziren, baina atzoko protestetan jendea oso anitza zen. Ingalaterrak argi utzi du gehiengoa antifaxista dela".
Gorka FCk berak atzo Waltham Foresteko Migrazio Bulegoan izandako kontramanifestazioan egon zen: "Lehen aldia da faxistak ez ditugula ezta ikusten ere. Elkartu zen jendetza hain handia zen, ezen ez baikenituen sumatu. Horrelako beste bi manifestaziotan egon naiz aurretik auzo honetan, hemen hiru urtez bizi bainintzen, eta atzo horrenbeste lagun ginenez, ez nituen faxistak ikusi".
Horren adibidea da Brighton atzoko mobilizazioa, zeinean eskuindarrak dozena erdi baino ez ziren izan eta jendetzak inguratu zituen:
Gainera, Gorkak nabarmendu du mobilizazioek logika oso maltzurra dutela: "Larunbateko faxisten deialdiak hiri handietan izan ziren hedabideen arreta erakartzeko. Atzokoak komunitate etorkin handiak dituzten auzoetan; komunitateak izutzeko eta elkarbizitzan arazoak sortzeko".
Gezurrak sare sozialetan, muturreko eskuinaren tresna
Alvise Perezek Estatu espainiarren erabilitako estrategia oso ohikoa da mundu mailan muturreko eskuinean. Horrela, uztailaren 27an gertatutako hilketak Galesen jaiotako 17 urteko mutil batek egin bazuen ere, Interneten jarduten diren eskuin muturreko kontuak hasi ziren zabaltzen errefuxiatu musulman batek egin zuela. Owen Jones intelektualak ziurtatu du 27 milioi mezuk sare sozialetan iradoki edo adierazi zutela gezur hori ordu gutxitan.
The Guardianek berak argitaratu zuen X (Twitter) plataforman argitalpen batek 6,7 milioi aldiz ikusi zela. Nola ez, mezuak ziurtatzen zuen erasoaren egilea musulmana eta atzerritarra zela, gezurra izan arren.
Hori argitzeko hilketen kasua eramaten duen epaileak salbuespen neurria hartu eta zabaldu zuen susmagarriaren identitatea, adingabea zena. Mutila ez zen ez atzerritarra, ez musulmana, baina etorkinen aurkako gorrotoa piztuta zegoen jadanik.