Artziniegako udal gobernu taldeak berehala erantzun dio EAJk egindako proposamenari eta ziurtatu du ikertzen ari direla herrian eraikin bat eskuratu ahal duten alokairuzko etxebizitza publikoa eskaintzeko eta dirulaguntzak lortzeko Araba(n) Bizi Bedi programaren bidez.
Joseba Vivanco alkateak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari Arabako Foru Aldundiaren oinarriak aztertzen ari direla: "Eta ez hori bakarrik, etxebizitza publikora bideratzeko eraikin baten bila ari gara".
Izan ere, Vivancok modu ironikoan hitz egin du EAJren proposamenari buruz: "Artziniegako Udalari eskatzea deialdiaren hiru ildoetara aurkeztea, Aldundiak aurreko egunean argitaratu duenean deialdia... Ez dirudi oinarriak irakurri dituztenik".
Ironia-kutsu berarekin jarraitu du alkateak oposizioari buruz: "Ez dezatela horrenbeste presa izan. EH Bildu etxerako-lanak egiten ari da etxebizitza publikoari dagokionez, eta ez du soilik deialdia aztertuko, erosteko eraikinak ere bilatuko ditu. Izan ere, presarekin EAJri ahaztu zaio hori txertatzea. Oposizioan egotea ez da bakarrik Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofiziala kopiatzea, ideiak ere propostu behar dira".