Kartoi eta paperaren bilketaren egoerak "jasanezina" izaten jarraitzen du Artziniegan, Udalak salatu duenez. Tokiko erakundearen hitzetan, bilketa "astebete baino gehiago" atzeratu da udalerriko zenbait puntutan, eta bilketaz arduratzen den enpresak abuztuaren 5ean aurreikusten du lan hori egiten hastea.
Udalaren aburuz, epe hori ez da onargarria, "zerbitzua astero eman behar denean". Hori dela eta, zuzenean esku hartu du, edukiontzuen baterietan pilatutako paperera eta kartoia kenduz, "nahiz eta ez den bere erantzunkizuna". Hala ere, Udalak argi du arazoak jarraituko duela. Horregatik, bizilagunei eskatu diete hurbileko beste edukiontzi batzuk erabiltzen saiatzea, "arazo gehien sortzen diren puntuetan".
Paper eta kartoi bilketarena arazo orokortua izan da Araba osoan. Foru Aldundiak duela bi aste jakinarazi zuen bertan behera utziko zuela zerbitzu hori eskaintzen duen enpresaren kontratua, eta Garbiladi konpainiak egingo zuela bere ordez hemendik aurrera.