Artziniegako Talde Feminista igandean kalera aterako da berriro aldarrikatzera "nazkatuta" eta "haserre" daudela udalerrian gertatzen diren eraso matxisten ondorioz. Elkarretaratze zaratatsua deitu dute Hiriko Atean -lorategi feministaren alboan- 11:45ean, hain zuzen.
Taldeak Aiaraldea Komunikabideari argitu dio ez dagoela prest indarkeria matxista onartzeko herrian eta gertakariaren berri izan dutela Udalaren bitartez. Izan ere, tokiko erakundeak jakinarazi zuen sare sozialen bitartez emakume batek sexu-erasoa salatu zuela.
Duela astebete jazo zen gertakaria eta Udalak babesa eman dio biktimari publikoki. Halaber, eskura dituen baliabideak eskaini dizkio.
Erakundeak berak gogoratu du denbora igaro bada ere, beti dela posible sexu-eraso baten berri ematea eta dauden laguntza baliabide eta zerbitzuetara jotzea.
Era berean, eta sexu-erasoen aurrean jarduteko protokoloaren arabera, herritar guztiei azaldu diete eskuragarri daudela indarkeria matxistari arreta emateko zerbitzuak, non laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala eskaintzen den, modu konfidentzialean eta doan:
- Aiarako Kuadrillako berdintasun teknikaria 686587889
- Aiarako Kuadrillako Gizarte langilea 681 08 41 18
- Sexu indarkeria biktimentzako 24 orduko krisi zentroa (TXIMELETAK) 650801080
- SATEVI 900840111
- Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua 945161210
Bide batez, Artziniegako Talde Feministak aipatu dio Aiaraldeari Udalarekin bildu direla jadanik, pasa den asteko desadostasuna aurrez aurre lantzeko.