Euskararen Eguneko egitaraua berrikuntzekin dator aurten Artziniegan eta sortze bidean dagoen talde bati esker izango da hori. Azaroaren 29rako antolatu dute egitaraua, hurrengo egunean, hilak 30, Okondon ospatuko baita eskualdeko jai bateratua.
“Planteamendu berriak eta berritzaileak” ekarri nahi dituen taldea dela adierazi dio Arkaitz San Josek Aiaraldea Komunikabideari: “Haiek planteatzen digute (eta, egia da, kritika hori onartu behar dugu) agian azken urteetako Udalaren planteamendua errepikakorra izan dela, ez garela izan anbiziotsuegiak. Haiek guri lagundu nahi digute, eta azken finean, euskarari”.
Abenduaren 3an bertan taldea aurkezteko asmoa dagoela jakinarazi du zinegotziak, eta aitortu “ilusioz” hartzen duen berria dela eta pozik azaldu da jende gaztea euskararen alde hainbat ekimen planteatzeko gogoz agertzearekin.