Azaroaren 30ean Okondon elkartzeko deia luzatu dute, euskara pizteko

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko azaroaren 4a

Okondora bertaratzeko deia luzatu dute bertako bizilagunek. / Aiaraldea.eus

Okondo izango da Aiaraldeko Euskararen Egunaren epizentroa aurten. Azaroaren 30ean egun osoko festa antolatu dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Okondoko euskaltzaleek elkarlanean. Eskualde osoko herritarrei luzatu diete bertaratzeko gonbita.

2025eko Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatutakoak aurkeztu ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. Aurtengoan Okondo izango da Aiaraldeko Euskararen Egunaren epizentroa.

Euskalgintza Kontseiluak 2016an Amurrion abiatutako ibilbideari nolabaiteko amaiera emango dio Okondon azaroaren 30ean ospatuko duen jai-egunarekin. “2016an aterkipean abiatu ginen eskualdea euskararen hariarekin jostera. Hamargarrenez ospatuko dugu elkarrekin Euskararen Eguna, etapa baten azken geltokira iritsi gara”, adierazi dute Okondon egindako aurkezpen ekitaldian.

Azaroak 30 Okondora

Hilabeteak daramate Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideek Okondoko herritarrekin azaroaren 30eko egitaraua ontzen. Hain zuzen ere, Okondoko euskaldunak balioan jarri nahi izan dituzte Aiaraldeko Euskararen Egunaren aurkezpenarekin batera: “Mendi eta erreka artean altxorrak gordetzen ditu Okondok: bere eskola txikia, kirikiñausiak, bere ogia, artzaina, txakolina... Eta bere euskaldunak, egunero hauspotuz Okondon euskararen sua bizi-bizi mantentzen dutenak”.

Azaroaren 30ekoa “egitarau betea” dela aldarrikatu dute, Euskararen Eguna eskualde osoko herritarrekin ospatzeko. “Komunitatea batu eta euskara bultzatu, elkartu eta elkar ezagutu, konplizitateak josi eta aktibatu, euskararen sua piztu eta bere inguruan goza dezagun. Hortxe Aiaraldeko Euskararen Egunaren xedea. Ez galdu aukera”, aldarrikatu dute gonbitarekin batera.

Aurreratu dutenez musika, dantza, antzerkia, mendia, jan-edana, adin guztietarako jolasak edota umorea ez dira faltako. Besteak beste, Eingo Taldea eta Jon Ozaeta DJa arduratuko dira egunari erritmoa jartzeaz. Kaitin Allende umoregileak ere ez du herriko hitzordua galduko.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren web atarian jarri dute eskura Euskararen Egunari lotutako informazio guztia, eta, adierazi dutenez, honezkero eskuragarri daude azaroaren 30eko herri bazkariko tiketak. Txartel hauek 15 eta 8 euroren truke eskuratu daitezke Okondoko liburutegian, Amurrioko AEKn, Laudioko Ilargi tabernan, Arrankudiaga-Zolloko Gizarte Etxean eta Urduñako Alondegian.

Piztu Euskara!

Beroketa lanekin hasteko Okondoko Eskolako kideek proposamena luzatu diete Aiaraldeko gainerako ikastetxeei. Piztu Euskara! lemapean Okondo ezagutzeko eta Euskararen Egunean herrira bertaratzeko gonbita luzatu dute, “elkarrekin euskara piztuko duen murala osatzeko”. Hori ez da, dena den, beroketa lan bakarra. Honezkero abian da Kirikiñorekin batera martxan jarritako Memealdia euskarazko memeen lehiaketaren laugarren edizioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide