Urrats berria eman du Artziniegako Kultura Etxeak. Aurrerantzean ekipamendu berria hartuko du orain arte udaletxe zaharrean kokatuta zegoen udal liburutegiak. Tokiko gobernuak eguberri egunak baliatu ditu liburu bilduma guztia lekualdatzeko, eta honezkero erabilgarri dago espazioa. Liburutegiaren lekualdatzeak, gainera, libre utzi du Goikoplazako udaletxe zaharreko beheko solairuko aretoa. Udalak iragarri duenez, herriko pertsona nagusientzako lokala izango da aurrerantzean.
Bi urtez luzatu diren lanen ondotik, iragan urriaren 3an inauguratu zuten Artziniegako Kultura Etxea. Udalerriak orain arte izan dituen "espazio gabeziak" bete ditu Kultura Etxe berriak, Udalak azpimarratu duenez. Urriko inaugurazioaz geroztik, eraikina edukiz eta ekintzaz betetzen joan dira, eta liburutegia ez ezik, areto nagusia eta udal-ikastaroak garatzeko ikasgelak ere jarri dituzte martxan.
Baina badira oraindik ere ustiatzeke dauden espazioak. Urtarrilean coworking gela jarriko dute funtzionamenduan Kultura Etxeko beheko solairuan, eta gaztelekua eta ludoteka atontzea ere aurreikusi dute. Halaber, musika gelaren kudeaketa eredua definitzeko asmoa azaldu du tokiko erakundeak.