Artziniegako Udal Liburutegiak Kultura Ministerioaren eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien aitortza jaso du berriki. Hain zuzen, Maria Moliner Saria eman diote, udal-esparruan irakurzaletasuna sustatzeko proiektu berritzaileak nabarmentzen dituena.
XXV. Maria Moliner Kanpainaren barruan eskuratu dute saria, Artziniegako liburuzainak sortutako Desde los ODS hasta mayoesía proiektuagatik. Izan ere, lehiaketaren helburua da proiektu bakarrean hainbat esparru elkarlotzen dituzten lanak goraipatzea, hala nola irakurzaletasuna sustatzea, liburutegien lana eta efizientzia, komunitatean integratuta egotea eta teknologia berriak erabiltzea.
Artziniegako Udalak, bere aldetik, liburutegiko langilearen lana balioan jarri nahi izan du eta sare sozialen bidez zoriondu du: "Zorionak gure liburuzain Usueri. Udal-zerbitzu onak ditugu, eta horiek hobetzen jarraitzea da gure asmoa".
Liburutegia estreinatu berri
Herriko liburutegi berriko paretak apaintzera dator jasotako diploma, urrian irekitako Kultur Etxe berritura lekualdatu baitzuten espazioa eguberri egunetan.
Kultur Etxean hainbat ekintza egin dituzte hilabete hauetan, eta liburutegia ez ezik, areto nagusia eta udal-ikastaroak garatzeko ikasgelak ere jarri dituzte martxan.
Programazio oparoa
Liburutegiaren programazioari dagokionez, urtarrilean zehar Basajaun pertsonaia mitologikoari buruzko ipuinen zikloa dago abian. Lau urtetik gorako haurrei bideratutako jarduera da, eta astelehen, asteazken eta ostiralero dira saioak. 945396394 zenbakian edo liburutegia@artziniegakoudala.eus helbidean eman daiteke izena.