Joseba Vivanco Artziniegako alkateak testua zabaldu zuen astelehenean sare sozialetan azaltzeko udalerria medikurik gabe egongo dela momentuz. Udalburuak berak aipatu du Osakidetza berarekin jarri zela harremanetan egoera komunikatzeko eta argitzeko Artziniegako plaza "ez lagungarria" bilakatu dela osasun sistemako langileentzat eta horregatik zaila dela beharginak topatzea.
Dirudienez, Amurrioko anbulatorioko arduradunek iradoki zuten errespetu faltak gertatu direla osasun sistemako langileen kontra eta ospe txarra hartu dutela plaza horiek. Berez, mediku titularra bajan dago eta bi ordezko izan ditu orain arte.
Aiaraldea Komunikabideak udal gobernu taldeari galdetu dio informazio zehatzagoa jaso ote duten jarrera oldarkorren inguruan, baina taldeak erantzun du informazio pribatua dela eta Osakidetzak ez diola eman.
Aiaraldea Komunikabideak udal gobernu taldeari galdetu dio informazio zehatzagoa jaso ote duten jarrera oldarkorren inguruan, baina taldeak erantzun du informazio pribatua dela eta Osakidetzak ez diola eman.
Bigarren medikutik zerbitzurik gabe geratzera
Albistea kolpe baten moduan hartu du Udalak. Izan ere, aurreko astean Osakidetzak ziurtatu zion tokiko erakundeari egindako eskakizuna onartu zutela eta bigarren mediku bat egotea adostu zutela. Neurri horrekin, herriko errealitate demografikora egokitu nahi dute zerbitzua, biztanleria handitu baita eta inguruko Administrazio Batzarretako herritarrak ere artatzen baitituzte.
Gauzak horrela, bi mediku plaza existitu arren, ez da inolako zerbitzurik egongo Artziniegan egoera konpondu arte.
Haserrea
Argitaratutako testuan Joseba Vivancok bere haserrea eta tristura adierazi zituen. Alkateak bere amorrua azpimarratu zuen, udalerriko biztanleria gogor borrokatu delako zerbitzu publiko duinak izateko (Correos, Osakidetza, eskola...) eta batzuek langileekiko izandako errespetu faltek hori arriskuan jartzen dutelako. Ondorioz, beharginak errespetatzea eskatu die herritar guztiei.
EAJk informazio gehiago eskatu du
Oposizioak, bere aldetik, zenbait galdera egin dizkio udal gobernu taldeari, iritzita artziniegarren irudi txarra zabaltzen ari dela. Horregatik, eskatu diote Udalari argitzeko ea idatziz jaso duten informazio hori, zein txosten ofizialetan oinarritzen den, zenbat gertakari erregistratu diren, zenbat profesionalek uko egin dioten Artziniegara etortzeari eta zergatik eta zer egin duen Udalak.
Osasun langileak txupineroak
Egungo egoerak kontrakoa irudikatzen duen arren, osasun langileek aitortza jaso zuten 2022an eta herriko jaietako pregoilariak izan ziren. Alegia, txupinazoa anbulatorioko eraikinetik jaurti zuten: