ARTZINIEGAKO PREGOILARIAK

“Ohorea da osasun langileontzako herriak berak, modu honetan, omendu nahi izatea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko abu. 31a, 10:01

Osasun etxeko langileak izango dira aurtengo pregoilariak. / Artziniegako Udala

Eneritz Ugarriza Lado, Marisa Fernández Diego eta Nuria Peral Lucas osasun langileak izango dira Artziniegako pregoilariak. Osasun Zentroko beharginek pandemia garaian eginiko lana aitortu nahi izan du Jai Batzordeak modu horretan.

Artziniegarren osasunaren alde eginiko lanagatik omenduko zaituztete festetan. Nola eta noiz jaso zenuten berria?
Duela hilabete batzuk jaso genuen berria, lanean geundela Joseba alkateak, Jai Batzordeak pregoilari hautatu gintuela esateko deitu gintuen, prest geunden galdetzeko. Hasieran urduritu ginen, ez baikenuen horrelakorik espero, baina egun batzuen buruan baiezkoa ematera animatu ginen.

Zer suposatzen du horrelako aitortza batek, profesional gisa?
Ohore bat da osasun langileontzako herriak berak, modu honetan, omendu nahi izatea. COVID garaian hitz politak jasotzen genituen herritarrengatik: zaindu zaitezte, animo…besteak beste.  Nekea da orain nabarmenena, gainezka egin dugu hainbat arlotan, bai emozionalki baita profesionalki ere, lan karga dela eta…Beraz, animo moduan jasotzen dira horrelako aitortzak. Herriak gurekin enpatizatzen duela ikusteak lanean jarraitzeko indar gehiago ematen digu.

"Animo moduan jasotzen dira horrelako aitortzak. Gainezka egin dugu hainbat arlotan, bai emozionalki eta baita profesionalki ere. Herriak gurekin enpatizatzen duela ikusteak lanean jarraitzeko indar gehiago ematen digu"

Udaletxe zaharreko balkoitik suziria piztu beharko duzue, pregoia prestatzeaz gain. Zer pizten du horrelak aitortza batek zuengan?
Bizi izandakoaren omenaldi gisa ikusten dugu. Aurtengo suziria berezia da herritar guztientzako eta langileontzako. Pertsona eta langile moduan, guztiz aldatu gara. Ginenaren agurra eta garenaren ongi etorria bezala ikusi daiteke, era sinboliko batean..

Artziniega lantoki izateaz gain, zer da zuentzat?
Taldeko batzuentzat lantokia baino ez da, beste batzuk herriarekin lotura berezia daukagu. Osasun zentroko erizaina adibidez, urteak dira herrian bizi dela. Herritarrak beraz, auzokide eta lagunak dira askotan.

Nola biziko dituzue aurtengo Artziniegako jaiak?
Istripurik gabe, espero! (barreak)

Pregoia prest duzue jada? Zer nabarmenduko duzue?
Egia esaten badugu, ez… Ideia batzuk ditugu, baina idei nahasiak dira. Imajinatzen dut bizipenak nabarmenduko ditugula, gure esperientziak, talde-lana…

Pandemian osasun langileen lana eta egoera goraipatu izan da sarri. Nola gogoratzen duzue 2019-2021 arteko Covid-19 garaia?
Bakoitzak bere bizipenak ditu. Hasieran, pandemia egoera berria zenez mundu guztia animatuta zegoen, lan egiteko gogoekin. Artziniegako anbulategiko medikua haurdun zegoen, eta lanean jarraitu behar izan zuen, haurdun zeuden gainerako emakumeak etxean zeuden bitartean… Gerora, etxetik lan egin behar izan zuen hilabete batzuk, horrek suposatu zuen beldur eta antsietatearekin. Ia 2 hilabete egon ziren herrian mediku gabe, eta Robertok, garai horretan Luiaondo-Arespalditzako medikuak, bere burua aurkeztu zuen ordu batzuetan Artziniegan lan egiteko. Nagusiek koordinatu ez zutena, Aiaraldekoen artean antolatu zen herriaren onurarako, lankide onak ditugulako. Herriko erizain eta idazkariak behar baino ordu gehiago lan egin zituzten trukean ezer eskatu barik, eta mediku faltagatik ez zegokien hainbat funtzio bete zituzten. Beste batzuk COVID taldeetan pasatu zituzten lehenengo hilabeteak, ia materialik gabe etxez-etxeko zerbitzuan edota kontsultan. 

Beranduago, neurriak malguagoak izan zirenean, arreta ia guztia telefonoz egiten zen leku guztietan. Artziniegan, errazagoa izan zen lehengo arreta modura bueltatzea, izan ere, 3 langile soilik izanda jende-pilaketak ekiditea errazagoa zen. 

Lekutan geratu dira 20:00etan osasun langileei egiten zitzaizkien txalo zaparradak… zuek zer txalotuko zenukete?
Pazientzia izan dutenen pazientzia txalotuko genuke. Zaintzaileen lana, auzolana, familia bakoitzeko kideen babesa, zerbitzu sozialen lana. Gure lanari dagokionez, talde lana, ta gure lankideen babesa, batez ere Aiarako taldearena.

Egoera hobetu al da egun?
COVIDaren egoerari begira hobetu dela esango genuke, informazio gehiago daukagu, birusaren indarra aldatu da, txertoen onurak nabariak dira…

Alde batetik, gizartean oinarritzen bagara, txarrera egin dugula esango nuke, hazi beharrean kontrakoa gertatu da urteak pasa ahala, lehenengo hilabeteetan gizatalde moduan jokatu genuen, gero, ordea…indibidualismoa nagusitu da. Asko sufritu dugu, era ezberdinetan. Emozionalki kostatu zaigu egoera honetara behar bezala moldatzea. 

Gainera, bizkortasunaren mendean gaudela esan daiteke, denok dena jakin behar dugu orain, ta erantzunak berehalakoak ez direnean antsietatea agertzen da. Gainera, larritasuna areagotzen da osasuna abiapuntua denean. Ikuspuntu orokorra dela uste dugu, jendaurreko lanetan diharduen edonori galdetzen badiozu berdina erantzungo dizute. 

"Pandemiak beste gabezi bat berpiztu du, osasun mentalaren garrantzia:  jaietaz gozatu, baina burua galdu barik"

Bestalde, osasun sistemari dagokionez, herritarrek orain ikusi dute langile eta baliabide falta… Hainbat espezialitate eta frogen itxaron-zerrendak  haserrea eragin dute erabiltzailearengan. Eta horregatik orain bai, osasun langile falta pil-pilean dago. 

Mediku zareten aldetik, zein aholku emango zeniekete herritarrei festa sasoian zaintzeko?
Zaindu zaitezte, bi urte eman ditugu etxean ,eta ezin izango dugu egun batzuetan, azkenengo bi urteetan bizi ez duguna bizi. Egunerokotasunaz disfrutatu, familiaz gozatu… Pandemiak beste gabezi bat berpiztu du, osasun mentalaren garrantzia:  jaietaz gozatu, baina burua galdu barik.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide