Logistikaren kanporatzea geldiarazi eta 15 lanpostu finkotzea lortu dute Artziniegako Lucart Tissue lantegian. Hala azaldu du ELAk prentsa ohar bidez.
Sindikatuaren hitzetan, otsailean plazaratu zuen zuendaritzak logistika zerbitzua kanporatzeko asmoa. "Neurri horrek, ohikoa denez, lan baldintzen prekarizazioa ekarri ohi du, eta ordezkaritza sindikalak ohartarazi zuen beste sail batzuetara ere zabal zitekeela", aipatu dute langile erakundeko kideek.
Horren aurrean, greba mugagabea deitzea erabaki zuten, "enplegua eta lan baldintzak defendatzeko". Modu horretan behartu dute enpresa "neurria atzera botatzera".
Nabarmendu dutenez, lortutako akordioak "enpleguaren egonkortasuna indartzen du". Gauzak hala, aldarrikatu dute "antolakuntza kolektiboa eta ekintza sindikala tresna eraginkorrak direla lanpostuak babestu eta lan baldintzak hobetzeko".
2018. urtean erosi zuen Lucart multinazional italiarrak Artziniegako papertegia. Horrez gain, beste bi azpiegitura ditu EAEn: Arangurengo fabrika eta Gueñeseko biltegia.
Honakoa ez da Artziniegako beharginek grebaren tresna baliatzen duten lehen aldia. 2023ko maiatzean ere lanuzte mugagabea deitu zuten lan hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko, eta lan baldintzak hobetzea lortu zuten horrela.