Konpontze bidean dago Artziniegan mediku zerbitzuarekin urte hasieratik luzatutako gorabehera. Hala azaldu du Arkaitz San Jose zinegotziak Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean.
Jakinarazi duenez, ordezko bat ari da orain herritarrak artatzen, eta ekainaren 15ean iritsiko da titular berria. Bigarren medikua, aldiz, Barneko Mediku Egoiliarretatik (BAME) aterako da, baina oraindik ez dakite zehazki noiz iritsiko den. Modu horretan, bi langileek erdibana emango diete zerbitzua Artziniegako biztanleei.
Otsailean geratu zen Artziniega medikurik gabe, zenbait erabiltzaileren jarrera "oldarkorren" ondorioz. Horren harira, San Josek nabarmendu du egoera “lasaitu” egin dela ordutik hona, eta poza adierazi du hemendik aurrera mediku finko batzuk egongo direlako.